Iñigo Etxeberria, Fernando Ibarreta eta Arantza Rojo, Fortunako kideak eta Behobia-Donostia lasterketaren antolakuntzako buruak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Erronka handi bati ekin dio Behobia-Donostia lasterketaren antolakuntzak: 50/50/25. Fortuna kirol elkarteko lagunen helburua da emakumeen partaidetza %50 izatera iristea 2025 urterako. Horrela bada, datozen zazpi urteetan prozesu bat bideratuko dute parekidetasunaz hausnarketa kritikoa egiteko, ikasteko eta jarduera ludikoak lantzeko.
Antolatzaileek diote Behobia Txikiko haurren %44 neskak direla; eta, helduetan, %24 momentu honetan, urtez urte gora egin duen arren. Izan ere, 2000 urtean %11 baino ez ziren andreak.
Asteburu osoko jaia
Behobia Txiki larunbatean izango da, Anoetako estadio txikian, eta aurten ere arrakastatsua izatea espero dute, 2.500 haur baino gehiagok eman baitute izena.
Igandean, Behobiako irteera gunetik aterako diren lehenak handbike-ak izango dira (9:45), ordu berean irtengo dira Behobia Gazteko 14 eta 18 urte arteko gazteak, Herreratik. Behobiatik irteten hurrenak patinatzaileak izango dira, 9:50ean, eta 10:15etik 11:39ra korrikalarien irteerak emango dituzte.
Fortunako Fernando Ibarretak lasterketa irabaz dezaketen horien izenak eman zituen. Emakumeetan bi izen aipatu zituen: Aroa Merino kanariarra, azken bi urteetako irabazlea; eta Diana Martin madrildarra, «izar» gisa definitu zuena. Gizonetan, aldiz, irabazlearen figura sekula baino zabalagoa dela azaldu zuen, hiru aukerekin: Jaume Leiva kataluniarra, Iban Fernandez eta Villabonako Iraitz Arrospide.
ezabala@hitza.eus