(Argazkia: ELA)
Lan baldintzak hobetzeko protesta ugari egin dituzte udal eraikin eta egoitzetako garbitzaileek. FCC enpresak azpikontratatutako langileak dira guztiak. Soldata arrakalarekin bukatzeko eskatzen dute emakume garbitzaileek. Hau da, maila berean dauden gizonezko garbitzaileen soldata bera jasotzea.
Astelehenean greba mugagabea hasi zuten ELA eta CCOO sindikatuen babesarekin, eta bi egun beranduago bertan behera uztea erabaki zuten. Lehenik, LSB –USO gaztelaniaz– sindikatuak aurreakordio bat sinatu zuen, gutxiengoan, FCC enpresarekin. Bigarrenik, CCOO sindikatuak aurreakordioa onartu ez arren, greba uztea erabaki zuten.
Egoera horren aurrean, ELA sindikatuak greba etetea erabaki zuen. Dena dela, langileek hurrengo astean batzarra egingo dute mobilizazio egutegi berria adosteko.