Zinema kritika: ‘El arbol de la sangre’
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendaria: Julio Medem Urtea: 2018 Herrialdea: Espainia – Behiak zuhaitzetatik erortzen dira – Julio Medem egile bat da, sortzaile bat, eta zalantza izpirik gabe, sortu nahi duen unibertso filmikoaren zuzendari eta autorea. Bere irudiek eta soinuek urteetan zehar organo anitzeko corpus bat eraiki dute, eta ikus-entzunezko paisaia magiko eta erakargarri horretan pieza guztiak dagokien zuloan ahokatzen dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, arrakasta beti bermatua dagoenik. Adar anitzeko zuhaitza etortzen zait burura bere azken filmaren harian, El arbol de la sangre. Baina zuhaitz batek ez ditu adarrak soilik, sustrai ikusezinek ezinbesteko oinarri sendoa eman behar diote ortzira zabaltzen diren horiei. Benetako bizigarriak zorutik gora egin behar du, zuhaitzaren barrunbeetatik hedatuz, eta Medemen filmeek hori bera osatzen dute. El arbol de la sangre bere hamargarren lana da. Filmaren hasieratik Marcek (Alvaro Cervantes) eta Rebecak (Ursula Corbero) argi uzten dute zuzendariak proposatu nahi diguna, ikusi behar dugun guztia bi protagonisten kontakizunetan oinarrituko dela, eta narratzaile orojakile baten antzera beraien zuhaitz/bizitzen adar anitzak elkartzen joango direla, bakoitzaren iraganeko oroitzapenak deskribatuz eta elkartuz (hori bai, «politikarik gabe»). Ez da Medemek horrelako artifiziorik erabili duen lehen aldia, pertsonaiekin jokatzen duen demiurgoaren irudia beste film batzuetan era agertu baita, hala nola La ardilla roja eta Lucia y el sexo-n. Oraingoan zuzendari donostiarrak kiribila estetiko eta narratiboak korapilatzen jarraitzen ditu, askotan kontatu nahi duenaren ulermen arrazionala zailduz. Euskal ohiturak, mafia errusiar eta georgiarra, organo trafikoa, Gerra Zibileko Errusiako haurrak, euskal paisaia eta Mediterraneoa, buruko gaitzak, neurrigabeko sexua eta abar luze bat film berean nahastea ausardia edo gehiegikeriatzat hartu daiteke. Baina Medemen zinea ez da arrazionalki ikusi behar, erraietatik dastatzen da, bere unibertso filmikoan errazago igeri eginez. Beti amildegitik hurbil ibiltze horrek ikusle asko atzera bota ditu (gogoratu Euskal pilota. Larrua harriaren kontra dokumentalak sortu zuen polemika, edo Caotica Ana filmaz geroztik ikusleen parteko urruntze progresiboa), eta jadanik aldenduak daudenak berreskuratzea ez du erraz izango donostiarrak. Hala ere, El arbol de la sangre filmak, Medem purua denez, ez du ezer ezkutatzen, bere horretan jarraitzen du. Zuzendariaren sinbolismo estetiko eta surrealista filmaren irudi guztietan agertzen da, eta ohikoa den bezala, guzti horrek jatorrizko irudi bat du iturburu, oraingo honetan behi talde bat iparraldetik jaitsiz eta beste zezen talde bat hegoaldetik igoz. Irudi iradokitzaile hau filmean dagoen eszenarik erakargarrienetariko batean ikusteko aukera dugu, bertan Medemek ezin hobe nahasten baititu berarentzat hain ohikoak diren osagaiak: narrazio bikoitza pertsonaien artean, zoria eta patua, tragedia, animalien lekukotasun isila… Guzti hori muntaia maisuki erabiliz (Los amantes del Circulo Polar filma gogoan izan dut askotan). El arbol de la sangren Medemek inoiz baino pertsonaia gehiago erabili ditu (Marc eta Rebecaz gainera, hamaika izatera iritsi daitezke protagonismoa dutenak, Najwa Nimri, Daniel Grao eta Joaquin Furriel nabarmenduz) gurutzatzen diren adar anitzeko zuhaitzaren antza hartuz, eta nahasketa horrek kaleidoskopio formal bat sortu du. Bikoiztea eta ispilua egoera gehienetan agertzen da, pertsonaia guztiek beste guztiekin loturak baitituzte. Baina ez da zerbait berria, hau bera Medemek Behiak bere lehen filmean egin baitzuen (orduan pertsonaiak aktore berdinekin espresuki bikoiztuz). Filmean agertzen diren irudi edo eszena erakargarri guztien artean une batekin geratzen naiz, zirrara gehien egin baitit. Behin eta berriz, ia hasieratik, pertsonaien arteko besarkadak ikusten dira, beti atzetik aurrera, baten bizkarrak bestearen bularra ukituz. Irudi ederra da, eta errepikatzeak zentzu bat izango ote duen pentsa daiteke, Medemen munduan ez baita ezer doakoa. Eta orduan bukaeran Marc eta Rebeca uretan berriz besarkatzen direnean, lotura aurrez aurre izango da, gertatu den guztia besarkada organiko eta hunkigarri batean bilduz. Medem onenak ez gaitu oraindik utzi, gaitz erdi.