(Argazkia: Nerea Lizarralde)
Auzoko gune zaharkituak eta erabilerarik gabekoak identifikatu eta hobetzeko helburuarekin, Donostiako Udalak ‘mapeo kolektiboa’ egingo du larunbatean Amara Berriko bizilagunekin batera. Kalez kale joango dira auzoko elkarte eta norbanakoekin, Amara Berriko plaza eta parke nagusiak bisitatuz, bertako gune publikoak berpizteko ideiak jasotzeko.
Egitasmo parte-hartzailea udalak informazio bilketarako martxan jarri dituen beste bi proiekturi batuko zaie: auzoko 25 denda eta tabernatan iritziak jasotzeko jarritako kutxak eta kalean egiten ari diren inkesta eta sakoneko elkarrizketak.
Ibilaldia 10:30ean abiatuko dute, Amara Berriko auzo elkarteak Martzelino Soroa plazan duen lokaletik, eta bi orduko iraupena izango du. Euria eginez gero, auzo elkartearen egoitzan egingo dute jarduera.