(Argazkia: Iñaki Agirre)
Astelehenean Gailur-Alde S.L. eraikuntza enpresako bi langile Añorgako lantegi okupatura joan ziren, hura zigilatzeko asmoa adierazi ostean. Han, ordea, sarrera oztopatu zieten hamarnaka lagunekin egin zuten topo.
“Ez dira pasako”. Hori da Firestone lantegi berreskuratuko kideek Añorgako eraikin okupatua eraitsi nahi dutenei emandako erantzun sendoa. Duela bi aste, Gailur-Alde S.L. eraikuntza enpresaren ohar bat jaso zuten, astelehenean lantegia zigilatzeko asmoa zutela adieraziz. Izan ere, Firestoneren eremuan eta alboko orubeetan urtebeteko epean 250 etxebizitza eraikitzeko proiektua onartu dela jakinarazi dute gune autogestionatuko kideek.
Alarmak segituan piztu ziren. Firestone desalojo arriskuan zela ohartaraziz, hurrengo egunetan lantegia babestera joateko deialdia zabaldu zitzaien herritarrei. Igandetik astelehenerako gauean, hamarnaka lagunek eraikinean lo egin zuten, hurrengo egunean gertatu zitekeenaren zain. Goizean, eraikuntza enpresako bi langile bertaratu ziren, kutsakorrak izan daitezkeen lantegiko materialen desintoxikazioa egin behar zutela argudiatuz barrura sartu nahian. Herritarrek, ordea, eraikinaren sarrera oztopatu zieten, eta luzez tematu ostean, langileek alde egin zuten, datozen egunetan lantegian enpresaren beste ohar bat jasoko dutela esanez.
Firestoneko kideek garbi daukate eraikuntza enpresak proiektuarekin aurrera egiteko asmo osoa duela, eta horregatik desalojo arriskuak bizirik dirauela gogoratu dute. Beraiek,berriz, astelehen eguerdian eskainitako prentsaurrekoan argi eta ozen adierazi zuten lantegia edozein erasoren aurka babestuko dutela. Era berean, guneak bere orain arteko jardunarekin berdin jarraituko duela azaldu zuten. Larunbat honetan, esaterako, Udazkeneko jaialdia egingo dute, egun osoko egitarauarekin: artisau azoka, Euskal Herriko pegatina zaleen topaketa, bazkaria, antzerkia, kontzertuak…
Auzoaren izaera jokoan
Añorgan kokatu nahi dituzten 250 etxebizitzen proiektuak auzoaren izaera arriskuan jarriko lukeela salatu dute Firestoneko kideek. Hain zuzen, auzoko bi mila biztanleei “kolpez” beste mila batuko litzaizkiekeela adierazi dute, Añorgan horrenbeste jenderentzako zerbitzurik ez dagoela gogoraraziz: “Ez daukagu ez osasun zentrorik ez kiroldegirik, ikastolan ez dira haur gehiago sartzen, eta iritsiko liratekeen ehunka autoentzako ez dago lekurik”.
Bestalde, proiektua hiriko gentrifikazio prozesuaren barnean ulertu behar dela nabarmendu dute: “Donostiako jendea periferiara kanporatzea bilatzen dute, erdigunean turistei lekua egiteko”. Zentzu horretan, Añorgan eraiki nahi dituzten etxebizitzak hiritar horientzako “lo tokiak” besterik izango ez liratekeela azpimarratu dute.