(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Gaurtik igandera bitarte,
Memoria Eraikiz ikuskizuna eskainiko du Mugarik Gabe taldeak, Amarako Easo plazan. Indarkeria matxistaren biktima eta bizirik dirauten emakumeen ahotsak jasotzen dituen ikuskizuna da. Iglu itxurako instalazio artistiko baten barruan eskainiko dituzte emanaldiak.
Hortzmuga teatroa da ikuskizunaren egilea, eta emakume hainbaten bizipenak irudikatzen dituzte. Indarkeriak beraien bizitzan izandako eragina ezagutu eta horri nola aurre egin dioten erakutsiko dute. “Emakumeen ahotsak berreskuratzeko apustu bat da, ez dugulako nahi ahots horiek historiako bazterrean utzita jarraitzea, gure memorian gorde nahi ditugu, memoria kolektibo bat berreraiki eta berriz gerta ez dadila oihu egin”, adierazi dute Mugarik Gabeko arduradunek.
Asfalto arteko loreak. Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten emakume biktimen bizitzetan ikerketan jasotako bizipenak batzen ditu ikuskizunak. El Salvador, Kolonbia, Guatemala, Euskal Herria eta Espainiako 28 emakume ausartek, justizia eta bizitakoa berriz ez errepikatzea bilatzeko, euren denbora, testigantza, historiaren parte bat elkarbanatu zutenak.
Euskal Herriko hainbat herritan eskaini ondoren, Donostian ikusi ahal izango da gaurtik hasita.
Emanaldiak:
- Azaroak 9, ostirala: 17:30, 18:15 eta 19:15.
- Azaroak 10, larunbata: 11:30, 12:15, 13:15, 17:30, 18:15 eta 19:15.
- Azaroak 11, igandea: 11:30, 12:15 eta 13:15.