Zubi bat Ondarreta eta irlaren artean?
Twitterreko erabiltzaile batek 1950. urtean egindako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berreskuratu du. Baztertua izan bazen ere, Antiguaren eraldaketa aurreikusten zuen dokumentu honek begiratu bat merezi duten hainbait bitxikeria ditu bere barnean.
Irudiak berak ikusmina pizten du: irla eta Ondarretaren artean zubi bat? Noraino iristen da hondartza? Eta, zer da lehen lerroko eraikin erraldoi hori? Igor M. Tobalina (@igormtobalina) txiolariak bere Twitter kontuan argitaratutako irudi honek Ingeba Andres Urdaneta Euskal Geografi Elkarteak 2014an argitaratutako publikazio batean du bere azalpena. Dokumentu honetan, Iñigo Peñalba arkitektoak azken hamarkadetan Antigua eta Ibaeta auzoetan garatutako hirigintza planen errepasoa egiten du, besteak beste, 1950eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra gogora ekarriz.
XX. mendeko bigarren erdiaren hasieran, anbizio handiko proiektuen faltan, Donostiako Udalak Antigua «udako hiri» bilakatzeko ideia izan zuen, Peñalbaren arabera. Asmo horri jarraituz osatu zen Antiguaren Lerrokatze eta Antolamendurako Proiektua, 1950eko hirigintza planaren barruan.
Arkitektoak azaltzen duen bezala, proiektuak hiri turistiko bati dagozkion eraikuntzak kokatu zituen auzoan. Besteak beste, itsasertzaren parean antzoki bat, lorategiak, dendak eta hotel erraldoi bat eraikitzea proposatzen zuen.
Auzoaren antolamendurako planak Ondarreta hondartzaren zabalkuntza ere proiektatu zuen, Eduardo Txillida pasealekuaren amaierara arte. Gainera, Kontxako badiaren itxuraldaketa horrekin nahikoa ez balitz bezala, proiektuak hondartzako pasealekua eta Santa Klara irla batuko lituzkeen zubi baten eraikuntza aurreikusten zuen.
Aitona Julian ontziaren zorionerako, zubia eta hiri antolamendurako plan osoa bertan behera geratu ziren azkenean, adostasun faltagatik. Gaur egun, berriz, imajinaezina izango litzateke halako proiektu zoro bat Donostian kokatzea… Edo ez horrenbeste?