Kathrine Switzer ere heldu da helmugara
Idazle eta korrikalari estatubatuarrak Behobia-Donostiaren giroa nabarmendu zuen, eta etorkizunean lasterketa egiteko nahia baieztatu zuen.
Hona hemen Kathrine Switzerrek helmuga zeharkatu duen unea:
Kathrine Switzer da Bostongo maratoian ofizialki parte hartu zuen lehen emakumea, eta aurtengo Behobia-Donostian paper garrantzitsua izan du idazle eta atleta estatubatuarrak. 60ko hamarkadan emakumeek maratoiak korritzea debekatuta zuten, eta Bostongo maratoian korrika ari zela jaso zuen erasoaren irudiarengatik egin zen ezaguna Switzer.
Lesionatuta dago Switzer, eta horregatik, aurten ezin izan du Behobia-Donostia egin. Hala ere, lasterketaren hasieran, dortsal bat oparitu zioten omenaldi gisa, 1967. urtean Bostoneko maratoian izan zuen zenbaki berarekin (261), hain zuzen. Ondoren, Bulebarreko helmuga gurutzatu zuen, inork baino lehen, txalo artean.
Switzer izan zen irabazleei sariak emateko arduraduna, eta era berean, Aroa Merino lehen sailkatuak bere saria oparitu zion estatubatuarrari. Antolatzaileen arabera “berdintasunaren aldeko borrokaren ikur bat” den Switzerrek omenaldi ugari jaso ditu asteburu honetan. Aipatutakoez gain, larunbatean Ficoban egin zuten ferian, Iruneko Alardeko parekideko hainbat kidek lore sorta bat eta txapela gorri bat oparitu zioten.