Miren Azkarate: "Torturen arduradun guztiek egin dutena onartzea nahi dut, besterik ez"
Irati Salsamendi
Ezkerretik eskuinera, Laura Pego, Nekane Altzelai, Miren Azkarate, Kristina Gete eta Leire Gallastegi. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Ikusmin handia eragin du joan den ostiralean Emakumeen Etxean egin zuten Nik sinisten dizut: emakume torturatuen egia mahai inguruak. Foro Sozial Iraunkorrak eta Antxeta irratiak antolatutako mahai inguruan, torturatuak izan diren hiru emakumek atxilotu ostean inkomunikatuta egon ziren egunetan jasandakoa azaldu zuten: Miren Azkarate Badiolak, Kristina Gete Etxeberriak eta Leire Gallastegi Ormazabalek.
Laura Pego abokatua eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea izan zen testigantzak testuinguru teorikoan kokatzeko arduraduna, eta erakutsi zuen nola patroi bera jasan duten torturatuak izan diren emakume gehienek. Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014) txostenaren egileetako bat da Pego, eta dokumentuaren ondorioetan oinarrituz, tortura kasuen genero interpretazioa egin zuen. Ikerketak generoaren arabera tortura motak desberdinak direla erakutsi duela azaldu zuen Pegok, eta Azkarate, Gete eta Gallastegiren testigantzek ere agerian utzi zuten hori.
Abokatuaren hitzetan emakumeek “bultzakada gehiago, iletik tira egite gehiago, indarkeria sexual gehiago eta umiliazio gehiago” jasaten dituzte. Era berean, tortura mota komunen artean “paroa” dago, eta ordu askotan horma baten aurrean zutik egotean datza. Ohikoa da baita ere, torturatuei senideei gauza txarren bat pasako zaielako mehatxua egitea. Pegok nabarmendu zuen giza eskubideen urraketan genero ikuspegia izatea ezinbestekoa dela; hala ez izanez gero, “biktimen parte bat alde batera uzteko arriskua” dagoelako.
Nekane Altzelai izan zen, Foro Sozialaren izenean, mahai inguruari amaiera emateko arduraduna. Baieztatu zuen Pegok aurkeztutako torturaren txostena “mugarri behar dela izan, biktimek merezi duten aitortza instituzionala gauzatu dadin”. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zien torturaren aitortzarako lagungarri diren egitasmoak aurrera eramateko beharrezko baliabideak jartzen jarraitzeko. Gatazka politikoaren testuinguruan gertatu den emakumeen kontrako indarkeria “bereziki krudela” izan dela aitortu zuen, eta horren arrazoia jendartea gurutzatzen duen egiturazko indarkeria matxista dela gaineratu zuen. Gainera, biktimen testigantzak entzutea «aitortzarako potentzial izugarria duen tresna» dela esan zuen, eta beharrezkoa dela “torturaren drama sozializatzea”, bermatzeko horrelako beste ezer ez dela errepikatuko etorkizunean.
IRUTXULOKO HITZAk Azkarate, Gete eta Gallastegiren testigantzak jaso ditu, eta datozen egunetan argitaratuko ditu webgunean. Hona hemen Miren Azkarateren hitzak jasotzen dituen bideoa:
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea