Taxien tarifak igo egingo dira 2019an
2019ko taxi zerbitzuen tarifak onartu ditu Donostiako Udalak. Ibilitako kilometroaren eta itxaron orduaren gaineko tarifak %2 handituko dira, eta gutxieneko tarifa bere horretan mantenduko da. Tarifa berriak hirian zerbitzua ematen duten bi taxi elkarteekin adostu ditu udalak.
Tarifa berrien xehetasunak ondorengoak dira. Astegunetan 7:00etatik 22:00etara ibilitako kilometro bakoitzeko 0,72 zentimo, eta itxaron ordu bakoitzeko 21,02 euro ordainduko dira. Aldiz, astegunetan 22:00etatik 7:00etara eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan kilometro bakoitzeko 1,12 euro eta itxaron ordu bakoitzeko 28,03 euro ordainduko dira. Azkenik, ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan 22:00etatik hurrengo larunbateko, igandeko edo jaieguneko 7:00etara kilometro bakoitzeko 1,16 ordu ordainduko dira, eta itxaron ordu bakoitzeko 29,01 euro.
Gutxieneko tarifa mantenduko dute. Astegunetan 7:00etatik 22:00etara 5,32 euro ordainduko dira; astegunetan 22:00etatik 7:00etara eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan 6,18 euro; eta 6,19 euro ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan 22:00etatik hurrengo larunbateko, igandeko edo jaieguneko 7:00etara. Kasu guztietan, gutxieneko tarifan sartuko dira lehendabiziko bost minutuak edo 1.600 metroak.