San Telmo Museoan ikus daiteke Arrikrutzeko lehoia
San Telmo Museoan jarri dute Arrikrutzeko lehoia izeneko erakusketa, eta hango pieza nagusia da lehoi baten hezurdura, Oñatiko Arrikrutzeko koban berreskuratutakoa. Iberiar penintsulako osoena da, eta aukera ematen du animalia horiek eta beren garaia, Pleistozenoa, ezagutzeko. Asier Gomez da erakusketako komisarioa eta 2019ko otsailaren 10a arte egongo da zabalik.
Erakusketa 16 piezaz osatua dago. Erakusketari izena ematen dion haitzuloetako lehoiaren hezurduraz gain, badaude fosil originalak, erreplikak eta labar artearen irudiak. Gainera, ikus-entzunezko bat ere badago erakusketan, lehoiaren aurkikuntzaren ingurukoa.
Erakusketaren harira antolatu dituzte Juan Luis Arsuagaren hitzaldia, bisita gidatu bereziak eta familientzako eta haurrentzako ikastaroak.