Amaia Iribar, Donostiako Udaleko Hizkuntza Normalkuntzarako ataleko burua. (Argazkia: Beñat Parra)
Bagera Elkartearekin batera, Donostiako Udala da Euskaraldiaren sustatzaile nagusia Donostian. Horregatik, ordezkari politikoek eta udal langileek ere hamaika egun horietan
ahobiziak edo
belarriprestak izateko konpromisoa hartuko dute.
Amaia Iribar Donostiako Udaleko Hizkuntza Normalkuntzarako ataleko buruak azaldu duenez, herritarrentzat eredu izatea da euren helburua, haren esanetan, erakundeek eta udalak eragile izan behar dutelako, eta «herritarren aurrean eredu». Udalak uda aurretik Euskaraldiaren aldeko Erakunde Adierazpena aho batez onartu zuela nabarmendu du Iribarrek, horren bidez eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartuz. Izan ere, ordezkari politikoen egiteko nagusia izango da udal barrura begira egitasmoa zabaltzea. Gainera, irailean Gipuzkoako hainbat udalerrik adostutako testu baten berri emango diete langile guztiei. Testu horren bitartez, udalerri guztiek Euskaraldiari babesa adieraziko diote, eta sustatzeko konpromisoa hartuko dute.
Bestalde, sei teknikariren artean udaleko departamentu guztietan euskara plana dinamizatzen dute. Horretaz gain, Euskaraldiko informazioa banatu, eta izen ematea ere sustatzen ari dira. Udalak 2.000 langile baino gehiago ditu, eta Iribarrek adierazi du gehienek izena ematea espero dutela eta baita horrelako egitasmoak egiten jarraitzea ere. Gainera, langile guztiak donostiarrak ez direnez, izen ematea bakoitzaren udalerri edo auzoan emateaz gain, udalean bertan ematera ere bultzatu nahi dituzte udaleko Hizkuntza Normalkuntzarako ataleko kideek.
Euskararekiko sentsibilizazioa lortu nahi du udalak bere langileen artean, eta horretarako, udal barruko komunikazioaren garrantzia nabarmendu du Iribarrek. Izan ere, hamabost egunean behin komunikatu bat bidaltzen diete langile guztiei euskararen inguruan dauden egitasmoen berri emanez. Bestalde, sentsibilizazio hori lortzeko bidean, langile guztiak aintzat hartzen dituztela azaldu du Iribarrek: euskara jakin eta erabiltzen dutenak, ohituragatik erabiltzen ez dutenak eta, gutxi badira ere, euskara ulertzen ez dutenak.
Hizkuntza ohiturak aldatu
Udal langileen hizkuntza gaitasuna orokorrean «oso ona» dela azpimarratu du Iribarrek, baina, kasu askotan, ohituragatik gaztelaniaz hitz egiteko joera dagoela. Iribarren arabera, hizkuntza ohitura horiek aldatu nahi dituzte: «Euskaraldia aitzakia bat da hamaika egun horietan hizkuntza ohiturak aldatzeko». Horren harira, belarriprest figuraren garrantzia nabarmendu du Iribarrek, «elkarrizketa elebidunak ahalbidetzen dituelako». Dena dela, bai belarriprest eta baita ahobizi figura ere sustatuko dituztela adierazi du Hizkuntza Normalkuntzarako ataleko buruak, eta udal barruan ere txapa identifikagarriak eramango dituztela.
Aurretik, hainbat informazio saio egin dituzte langileekin, eta Iribarren arabera, harrera ona izan zuten langileen artean eta «oso emaitza positiboak» izan zituzten. Bestalde, azaroaren 23a iritsi baino lehen, simulakro batzuk egingo dituztela ere kontatu du Iribarrek, Euskaraldia nolakoa izango den ikusteko eta langileek hizkuntza ohiturak aldatzeko txipa jartzen joateko. Euskaraldiak ez badu lortzen hizkuntza ohiturak aldatzea, behintzat norberak «hausnarketa egitea» lortuko dutela uste du Iribarrek.