'Ahobizi' izateko gomendioak
Ahobizi izatea erabaki duzu. 11 egunetan euskaraz egingo diezu euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei. Ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezu eta euskara ulertzen badute, hurrengoak ere bai.
- Ez dago ezinezkorik! Ohiturak aldatzea ez da erraza, baina posible da baldin eta solaskideak horretarako ados jartzen bagara. Ariketa taldean egingo dugu, ez zara bakarrik egongo.
- Ariketa batean parte hartzera zoaz, beste milaka lagunekin batera. Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan, zure hautua adierazteko bi tresna izango dituzu: a) Ikurra: 11 egunetan agerian eraman txapa, eta ikurra sare sozialetan; ariketa egiten lagunduko dizu, zuri eta ingurukoei. b) Hitza: Lehen hitza euskaraz, beti
- Guztiok ditugu hizkuntza ohiturak: aztertu zureak, norekin aritu zaitezkeen euskaraz eta ohiturak alda ditzakezun. Lehen hitza egin, eutsi euskarari eta sortu itzazu euskararentzako une eta gune berriak.
- Ariketa honetan egoera berriak topatuko dituzu: lorpenak eta egoera arrakastatsuak batzuetan, zailtasunak eta porrotak bestetan. Ez etsi! Saiatzeak merezi du, prestatu zure burua egoera horiek kudeatzeko.
- Aurreiritziak dira zure portaera baldintzatzen duten lehen mugak; aztertu zure aurreiritziak, pentsatu nola aurre egin eta eutsi zure erabakiari! Baietz hamaika egunetan zuk uste baino jende gehiagorekin egin euskaraz!
- Azaldu ingurukoei zer egitera zoazen, zer erabaki hartu duzun. Zure lagun, lankide, senide eta ezagunek ulertuko dute. Garrantzitsua da erabaki hau hartzeko egin duzun gogoeta, erabaki hau ingurukoekin partekatzea lagungarria izango da.
- Azaldu eta adostu 11 egunetako ariketa zure hurbilekoekin. Zenbat eta pertsona hurbilagoa izan (senideak, kuadrilako lagunak…) orduan eta gehiago kostatzen da hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzea, baina eragin handiagoa du. Gonbidatu itzazu ariketan parte hartzera.
- Baliatu beste ahobizi eta belarriprest batzuekin dituzun topaketa eta elkarguneak bizipenak eta esperientziak trukatzeko. Jaso bizipenak (arrakastak eta zailtasunak) koaderno batean eta partekatu gainontzeko partaideekin.
- Tarteka, elkarrizketa elebidunak sor daitezke, solaskideak erdaraz erantzuten badizu. Eutsi euskarari, desoreka euskararantz orekatzeko aukera izan dezakezu. Posible da.
- Euskaraldiaren berri ez daukan baten bati zure portaera azaltzeko beharra sentitu duzu? Normaltasunez jokatu, eroso sentitu zaitez, zure hautua da, ez da bestelako azalpenik behar.
- Euskarari eusteko lau estrategia: ekin (lehen hitza euskaraz), adierazi (euskarari eutsiko diozula), egiaztatu (solaskideak ulertu dizula), esan (beste modu batean, solaskideak ulertzeko zailtasuna duenean).