'Belarriprest' izateko gomendioak
Belarriprest izatea erabaki duzu. 11 egunetan euskal hiztun guztiei zuri euskaraz egin diezazutela eskatuko diezu. Zure portaerak eta jarrerak ateak zabaltzen ditu, besteei hautatzeko aukera ematen die eta zuri euskararentzako espazio berriak zabalduko zaizkizu. Eskertuko dizute.
- Ez dago ezinezkorik! Ohiturak aldatzea ez da erraza, baina posible da baldin eta solaskideak horretarako ados jartzen bagara. Ariketa taldean egingo dugu, ez zara bakarrik egongo.
- Ariketa batean parte hartzera zoaz, beste milaka lagunekin batera. Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan, zure hautua adierazteko bi tresna izango dituzu. Baliatu itzazu: a) Ikurra: 11 egunetan agerian eraman txapa, eta ikurra sare sozialetan; ariketa egiten lagunduko dizu, zuri eta ingurukoei. b) Hitza: Egin gonbitea, euskara jaso nahi duzula adierazi. Eta zeu ere animatu zaitez nahi beste eta nahi bestetan euskaraz hitz egiten.
- Guztiok ditugu hizkuntza ohiturak: aztertu zureak, norekin aritu zaitezkeen euskaraz eta ohiturak alda ditzakezun. Lehen hitza egin, egin euskaraz hitz egiteko gonbitea solaskide euskaldunei eta sortu itzazu euskararentzako une eta gune berriak.
- Ariketa honetan egoera berriak topatuko dituzu: lorpenak eta egoera arrakastatsuak batzuetan, zailtasunak eta porrotak bestetan. Ez etsi! Saiatzeak merezi du, prestatu zure burua egoera horiek kudeatzeko.
- Aurreiritziak dira zure portaera baldintzatzen duten lehen mugak; aztertu zure aurreiritziak, pentsatu nola aurre egin eta eutsi zure erabakiari!
- Azaldu eta adostu 11 egunetako ariketa zure hurbilekoekin. Gero eta pertsona hurbilagoa izan (senideak, kuadrillako lagunak…) orduan eta gehiago kostatzen da hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzea, baina eragin handiagoa du. Gonbidatu itzazu parte hartzera.
- Belarriprest izatea jokaera aktiboa da: adierazi hurbileko eta solaskideei euskara jaso nahi duzula, gonbitea egin. Euskararentzako semaforoa berde duzu. Solaskideren bat euskaraz hasi eta erdarara pasatzen bada, esaiozu euskaraz jarraitzeko.
- Baliatu beste ahobizi eta belarriprest batzuekin dituzun topaketa eta elkarguneak bizipenak eta esperientziak trukatzeko. Jaso bizipenak (arrakastak eta zailtasunak) koaderno batean eta partekatu beste partaideekin.
- Tarteka, elkarrizketa elebidunak sor daitezke. Momentu eta egoera bakoitzean erosoen zauden hizkuntzan hitz egin ezazu, baina beti-beti eskatu euskaldunei zuri euskaraz hitz egiteko.
- Zure euskara da euskararik onena! Praktika da erraztasuna lortu eta eroso sentitzeko biderik onena. Belarriprest zara, egin ezazu euskaraz nahi duzun guztietan.
- Elkarrizketatan euskarari eusteko bost estrategia: ekin (bota seinalea, lehen hitza euskaraz egin), adierazi (euskara ulertzen duzula, jaso nahi duzula), egiaztatu (solaskidearekin elkar ulertzen ari zaretela), eskatu (ulertzeko zailtasunak dituzunean, beste modu batean esateko, baina euskaraz), gonbidatu (solaskideak euskaraz jarrai dezan, hizkuntzarik alda ez dezan).