Donostiako 41. Maratoiaren aurkezpena. (Argazkia: Donostiako Udala)
Azaroaren 25ean egingo dute Donostiako 41. Maratoia. Lasterketa 1978. urtean egin zen lehen aldiz, eta antolatzaileek atzo Donostiako udaletxean egin zuten aurkezpenean esandakoaren arabera, errekor guztiak hobetuko dira datorren asteko igandean. Orain arteko izen emateen datuak “bikainak” direla baieztatu zuten.
Azken urteetan bezala, hiru distantzia izango ditu maratoiak (10K, maratoi erdia eta maratoia), eta hiru distantzietan dortsalak agortzea espero dute antolatzaileek. Prentsaurrekoan emandako datuen arabera, azaroaren 13an 6.107 korrikalarik zuten dortsala erosia. Era berean, 1.200 gaztetxo espero dira Maratoi Txiki Festan, eta guztira, maratoiak 8.000 pertsona inguru bilduko dituela aurreikusi zuten.
Emakumeen parte hartzean ere errekorra bete dela azaldu zuten, izan ere, orain arte izena eman dutenen %26,4a emakumezkoak dira, joan den urtean baino hiru puntu gehiago. Nazioarteko maratoia izanik, bost kontinenteetako partaideak egongo direla aurreratu zuten, eta 50 herrialde baino gehiagoko korrikalariek parte hartuko dute. %17,1a gipuzkoarrak izango dira.
Maratoiaren dimentsio handien ondorioz, lasterketak irauten duen bitartean hiria “ia geldirik” egotea aurreikusten dute antolatzaileek, 8:30etik 14:00ak arte. Horregatik, udalak eta antolatzaileek trafiko antolamendu berezi bat jarriko dute martxan. Lasterketa Amara, Loiola, Erdialdea, Gros eta Antiguako auzoetatik igaroko da eta horregatik, ibilgailua erabili behar duten hiritarrei etxetik garaiz irteteko gomendioa luzatu diete, hiriko mugimenduak mantsoagoak izango baitira. Era berean, hiriaren barruan mugitzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da eta 7:20etatik 13:00etara Dbuseko bidaiak doakoak izango dira (38 busa: Trintxerpe-Altza-Molinao, izan ezik).
Bestalde, trafiko mozketak direla eta, 8:30etik aurrera, hiria ekialdetik mendebalderaino zeharkatzeko, GI-20a erabili beharko da. Hirira sartzeko nahiz irteteko Urumeako autobia une oro irekia egongo da. Halaber, trafikoan aldaketak egingo dira zenbait auzotako sarrera-irteeretan.