Isabel II.a hiribidea. (Argazkia: Inaxio Esnaola)Inaxio Esnaola
Ez da asmo berria Donostiako hainbat kale oinezkoentzako egokitzea. Amara Berrin hiru kale egokitu nahi ditu udal gobernuak, eta epe ertainean izatea aurreikusten dute. Isabel II.a, Gregorio Ordoñez eta Felipe IV.a dira egokitu nahi dituzten kaleak. IRUTXULOKO HITZAk jakin ahal izan duenez, Isabel II.a hiribideko lanak martxoa eta apirila artean egitea aurreikusten du udalak.
Kale bakoitzaren proiektua modu berezituan landu, aztertu eta aurrera eramango du Mugikortasun sailak. Isabel II.a hiribidea izango da egokituko duten lehendabizikoa, eta ez dute bere osotasunean oinezkoentzako bihurtuko. Atari bikoitien aldeko espaloia 5,5 metro zabalduko dute gutxi gorabehera. Bakoitien aldeko espaloia, berriz, ez dute zabalduko. Horrez gain, garajeen sarbideak mantenduko dituzte. “Garbi ikusten dugun auzotarrek sozializatzeko erabiltzen duten gune nagusia dela. Oinezkoei begira jarri nahi dugu”, adierazi zuen asteartean Eneko Goia alkateak.
Mugikortasun sailetik azpimarratu dutenez, Irun enparantzaren inguruan egingo diren lana ez dira kaleak oinezkoentzako bihurtzeko izango. “Bide segurtasuna, trafikoaren moteltzea, eta oinezkoen zein bizikleten irisgarritasuna bermatzeko izango dira”. Horretarako, espaloia zabaldu, aparkalekuak berrantolatu, zebrabideak aldatu, autoentzako bideak estutu eta orduko 30 kilometroko guneak sortuko dituzte.
Gregorio Ordoñez kalearen proiektua izango litzateke udalak aurrera eramango duen bigarrena. Eperik ez du zehaztu Mugikortasun sailak. Aldiz, Felipe IV.aren hiribidearen proiektuak zailtasun gehiago dituela aitortu dute. “Hirgintza lanak ur saneamendu lanekin uztartu eta koordinatu behar dira. Hasiera batean horrela ez bazen ere, azkenean Isabel II.aren kalean ere ur saneamendu lanak hirigintzarekin uztartzea erabaki da eta horrek proiektua zaildu du”. Horrekin batera, aparkaleku asko dituen hiribidea eta trafiko askoko eremua izanik, egokitzeko konplexuagoa izango da.