Joseba Alvarez, Ongi Etorri Errefuxiatuakeko eta Bilgune Feministako ordezkariez lagundurik. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Ongi Etorri Errefuxiatuakeko eta Bilgune Feministako ordezkariez lagundurik, Parte Zaharreko Joseba Alvarez bizilagunak agerraldia egin du gaur ekainean kaleko saltzaile baten atxiloketaren harira gertatutakoak salatzeko.
Adierazitakoaren arabera, San Joan egunean, bi udaltzainek Moussa izeneko senegaldarra atxilotu zuten Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kalean, eskumuturrekoak eta artisau-lan afrikarrak saltzen ari zelako. “Kalez jantzitako bi polizien aldetik jasotzen ari zen tratu txarra ikusita, kaleko jendea Moussa eta udaltzainen inguruan pilatzen hasi zen, bortizkeria hori salatzeko”, Alvarezen arabera. Beste askok bezala, auzotarrak indarkeria etetea eskatu zien poliziei, horretarako beharrik ez zegoela argudiatuz. Ordea, inguruko jendearen erreakzioa ikusita, udaltzaingoek errefortzuak eskatu zituzten, eta borrarekin jendea bultzatuz, Moussa Parte Zaharretik atera eta atxilotu egin zuten, salatzailearen arabera.
Gaur, gertakari hartatik ia bost hilabete igaro direla, Donostiako Udaltzaingoak Alvarezi eta Moussari
polizien aurkako mehatxuak eta desorden publikoak leporatu dizkiela jakinarazi du auzotarrak, eta kaleko saltzaileari gainera
udaltzainen kontrako eraso fisikoak ere egotzi zaizkiola azaldu du. Parte Zaharreko bizilagunaren arabera, ordea, egun horretan ez zen poliziaren aurkako inolako erasorik egon, eta hori esaterakoan udaltzaingoa “gezurretan” ari dela adierazi du.
Atxiloketan parte hartu zuten polizien jarrera aztertu ordez, udaltzaingoak kasua epaitegietan salatzea eskandalagarritzat jo du Alvarezek: “Inoiz epaiketara iritsi behar ez zuen gertakari batengatik deklaratzera deitu gaituzte”. Hain zuzen, azaroaren 19an
auzotarra eta saltzailea Donostiako epaitegian agertu beharko dira inputatu gisa.
Eraso sexistengatik salatutako letratua eta irregulartasunak sumarioan
Udal zerbitzu juridikoak erabili beharrean, kasu honen defentsarako Donostiako Udaltzaingoak
Miguel Alonso Belza letratua kontratatu duela jakinarazi dute ere gaurko agerraldian. Belza
bere bikotearen aurkako eraso sexista larriengatik eta urruntze agindua behin eta berriz hausteagatik dago inputatua, eta fiskaltzak hamar urteko kartzela zigorra eskatzen diola jakinarazi du Alvarezek. Era berean, letratua Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko genero bortxakeriaren aurkako arduraduna zela eta leporatzen zaizkion delituengatik kargutik baztertu zutela azaldu du Parte Zaharreko bizilagunak.
Egoera honen aurrean, Alvarezek hainbat galdera luzatu ditu udaletxearen atarian: “Genero biolentziaren aurka behin eta berriz agertu den Eneko Goiak horrelako akusazioak dituen pertsona baten kontratazioa ontzat ematen al du? Udaltzainek ez al zuten Belzaren egoeraren berririk? Eta ezagutzen bazuten, nolatan onartu dute pertsona hau kontratatzea?”.
Horrekin nahikoa ez balitz, epaiketako sumarioan azaltzen diren polizien identifikazio zenbakiak udaltzainenak ez direla salatu du ere Alvarezek: “Zergatik ezkutatzen dira? Ez al dugu herritarrok zigortu nahi gaituzten funtzionario publikoak ezagutzeko eskubiderik?”.
Hori guztia kontuan hartuta, gaurko agerraldian lau eskaera luzatu dizkiete Udaltzaingoari eta Donostiako Udalari:
- Udaltzaingoak Moussa eta Alvarezen aurkako salaketa erretira dezala.
- Udalak neurriak har ditzala etorkinek ez dezaten poliziaren aldetik tratu txarrik jaso.
- Udalak ez dezala eraso sexisten ondorioz zigortua izan den inor kontratatu eta ezta akusazio horiek direla eta epaiketa bidean dagoenik ere, errugabea dela frogatzen ez den bitartean.
- Epaiketa badago, udaltzainen benetako plaka zenbakiak jar ditzatela sumarioan, epaituen indefentsioari amaiera emateko.