Izandako ausardia eskertu zion Lujanbiok Switzerri
Kathrine Switzer, joan den astean. Maratoi batean dortsalarekin parte hartu zuen lehen emakumea izan zen Switzer, 1967an, Bostonen. Joan den asteburuan Donostian egon zen, Behobia-Donostia lasterketak gonbidatuta. Horrela, Kiroleko Baloreen Deustu Saria eman zioten Switzerri unibertsitatean, eta Maialen Lujanbiok bertso batzuk eskaini zizkion, esker gisa, bere garaian izandako ausardiarengatik. Jarraian irakur daitezke.
Hara Kathrine gaztea
gizon olde baten
korrontearen baitan
nola daramaten…
Ez, ez, ez zeramaten,
jakin zuen joaten
ondoren zetozenek
jarraitu zezaten
Deustuko unibertsitatearen ekitaldi batera gonbidatu zuten
Lagun arteko kirol
edo eliteko,
garaia zen beldurrik
gabe ekiteko.
Bidea amaitu arte
egin, jakiteko
aurrera zenbat bide
dugun egiteko
Beldurrak sortzen duen
geruza zurruna
laster bihurtzen baita,
korrika, lurruna.
Eta korrika ez goaz
ihesi urruna,
gozatzen ari gara
aurkitu duguna
Maratoietan zenbat
lehiakide batzen
den helmuga baterantz
oinak bideratzen…
Nahiz bide berak denak
berdin minberatzen,
zuk egin zenuena
beste bide bat zen
Bostonen ta besteetan
badira aleak
oraindik munduaren
antolatzaileak
andreak bideetatik
baztertu zaleak
baina andre lasterkariz
beteta kaleak
261
dortsala beltz eta zuri
261
ausardiaren irudi
261
bihotz taupada urduri
261
bider esateko guri
badagoela aukera,
egin daiteke ta mugi!
ausartu, ahaldundu, saretu,
korri, izerdia isuri!
pausook izango dira
geure bizitzarantz zubi
261
mila esker, Kathrine, zuri!