Donostiako Udaleko txistulari taldea.
Santa Zezilia musikarien patroiaren harira, kontzertu berezia eskainiko du igandean Donostiako Udaleko txistulari taldeak. Ekainean zendu zen Luis Udakiola musikari donostiarra omenduko dute Santa Zezilia Koralarekin eta Donostiako Orkestra Barrokoarekin batera. Emanaldia udaletxeko areto nagusian izango da, 12:00etatik aurrera.
Kontzertuan hiru taldeak bakarka zein elkarrekin entzuteko aukera izango da. Askotariko errepertorioa eskainiko dute. Txistulariek Santa Zeziliari eskainiriko kalejirarekin ongi etorri eginda, J. S. Bachen Re maiorreko suiteko
Adagioak emango dio hasiera kontzertuari orkestraren eskutik. Jarraian, txistulariekin bat eginda,
Edate Soñua, Iñauteriko Polka, Birigarroa eta
Azkoitia Suitea eskainiko dituzte, txistuko errepertorio tradizionala, hari orkestrarekin jotzeko moldaketan. Abesbatza eta hari taldearen txanda izango da hurrengoa, eta Debussy zein Saint-Saënsen hiru pieza klasiko eskainiko dituzte. Bukatzeko, hiru taldeek elkarrekin, Jose Uruñuela eta Isidro Ansorenaren errepertorioa eskainiko dute. Lehen aldiz
Mendi aldera biribilketa joko dute txistulariek, orkestrak eta abesbatzak bat eginda.
Udakiolaren ibilbidea
Txistulari, biolin jole eta musikagilea izan zen Udakiola. Donostiako Kontserbatorioko ikasle –karrera bukaerako lehen saria lortuz biolinean– eta ondoren, Ganbera Musikako irakaslea izandakoa, hiriko ekintza musikal ugariren sorkuntza eta sustapenean lanean aritu zen. Donostiako Orkestra Barrokoko kide, Salleko eta Goizaldi dantza taldeetako txistulari, Txistulari aldizkariaren kolaboratzaile eta beste izan zen. Horrela, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak ere emanaldian parte hartuko du Udakiolaren senitartekoei elkartearen zilarrezko domina emateko.