Ehun urteko historia gordetzen duen etxeko negozioa
Pedro eta Ciriaca izan ziren Almacenes San Ignacio izeneko lehen denda ireki zuten senar-emazteak, 1918an. Familiaren negozioa izan da beti, eta laugarren belaunaldiko Carlos Rodriguezek darama gaur egun.
Ehun urteko historia gordetzen du Almacenes San Ignacio dendak. Grosen dago gaur egun, eta familia beraren eskuetan egon da beti, belaunaldiz belaunaldi jarraipena emanez. Laugarren belaunaldikoa da Carlos Rodriguez, dendaren ardura duen senitartekoa; negozioaren historiaz luze eta zabal aritu zaigu.
Carlosen birraitonak eta birramonak ireki zuten lehen denda, Pedro Rodriguezek eta Ciriaca Pikabeak. «Nire birraitona Jaengoa zen [Andaluzia, Espainia], eta Euskal Herrira etorri zenean ezagutu zuen nire Eibarko amona». Hasieran Eibarren bertan ireki zuten denda, El Madrileño izenarekin. Edonola, segituan etorri ziren Donostiara, eta Almacenes San Ignacio ireki zuten 1918an, Loiola eta Iturrino anaiak kaleen artean (orain Arrasate). Bigarren belaunaldia, Carlosen aiton-amonak izan ziren; eta hirugarren belaunaldian, Carlosen aitak hartu zuen gidaritza: «Emakumeek dendan beti lan egin badute ere, kuriosoa da beti gizonetatik gizonetara igaro dela dendaren ardura. Nire aitona badakit txiki-txikitatik dendan laguntzen ibiltzen zela, paketeak mugitzen eta trasteak jasotzen. Ni ere horrela hasi nintzen, eta hemen jarraitzen dut. Nire bi arrebek sekula ez dute dendaren kontua gogoko izan».
San Ignacio elizarengatik jarri zioten izen hori dendari, Groseko denda, ordea, egun zabalik dagoen bakarra, 1975ean ireki zuten, eta hor darrai, San Frantzisko kalean. Hain zuzen, 1997an Erdialdeko denda itxi eta saldu egin zioten Caja Laboralari. «Oraindik etortzen zaizkigu 80 urteko amonak, eta esaten digute gogoratzen direla amarekin nola joaten ziren Loiola kaleko dendara».
Hasieran, baserritarren azokatik gertu zeudenez, probintziako bezero asko zituztela dio Carlosek: «Nire amonak barazkiak baserritarrei erosten zizkien moduan, haiek dendara joaten ziren, eta birraitonak haiengatik ikasi zuen euskaraz. Larunbata izaten zen egunik jendetsuena, eta aitak kontatzen zidan hamar laguneko ilara egoten zela denda irekitzeko zain. Orain, berriz, itxita izaten dugu larunbat arratsaldetan».
Lanerako arropa eta barruko arropa saltzen zuten lehenengo garaietan, orain, ordea, gortinak dira dendaren bereizgarria. Horretaz gain, oihalak eta etxerako beharrezko kontuak saltzen dituzte: oherako arropa, mantelak, xukaderak…
Auzoko denda
Egun, oso auzoko betiko denden gisakoa dela dio Carlosek, eta bezero fidelak dituztela: «Gure bezero gehienak Grosekoak dira, eta betidanik ezagutzen gaituztenak. Etxerako zerbait beti behar izaten da, eta oso tratu zuzena dugu jendearekin. Gustuko dute aholkuak jasotzea, gauza txiki baterako bada ere».