Intxaurrondoko aterpea. (Argazkia: Donostiako Udala).
Donostiako Udalak abian jarri du
Atea Zabalik zerbitzua, neguko muturreko hotz aurreikuspen egunetan etxegabetuei arreta egiteko. Kalean lo egiten duten pertsonei gaua igarotzeko aterpe bat eskainiko die udalak, martxoaren 31ra bitarte.
“Gau hotzetan kalegorrian dauden pertsonak artatu ahal izateko zerbitzua da abian jarri duguna. Urte osoan etxerik gabekoentzat eskaintzen den zerbitzua indartzen du. Helburua da hotzaldietan kalean inor ez geratzea”, azaldu du Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak.
Kalean bizi diren etxegabeen azken datuen arabera, baliteke aurten gehiago izatea kalean egongo diren etxegabeak. Horren aurrean, udalak zerbitzua indartu nahi du aterpe plaza gehiago eskaintzeko eta kokaleku berriak egokitzeko.
Zerbitzua eskaintzearekin batera protokolo bat konpartitzen du udalak suhiltzaile, Udaltzaingo, SOS Deiak eta kalean bizi diren pertsonekin lanean ari diren elkarteekin. Elkarlanari esker, iragarritako hotzaldietan kalean topatzen dituzten etxegabeei aterpe zerbitzuaren berri eman ahal izango diete.