(Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udaleko Ingurumen sailak hiriko 16 jatetxeri
Donostia Xahuketarik Gabe bereizgarria eman die. Egitasmoaren helburua da elikagaiak xahutzearen kontrako borrokan konpromisoa hartzen duten merkatariak ikusaraztea.
Hona hemen jatetxeen zerrenda: Urepel, Gandarias, La Raviolina, Garraxi, Avenida XXI, Km. O, Australian Korneer, Garbera sagardotegia, All i Olli, El Fogon, Uliako aterpea, Juantxo, Peregrinus, Bera Bera eta Bokado Aquarium.
Ane Oiarbide Ingurumen zinegotziak adierazi du, oraingoz, egitasmoa bakarrik jatetxeetara bideratu dutela. “Europar Batasunaren esaneran, sorturiko elikagaien xahuketaren %12aren arduradunak dira jatetxeak. 2030erako %50 murriztu nahi du Europak xahuketa hori, Garapen Jasangarriaren Helburuen bidez”. Udalak sortu duen egitasmoak bat egin du EAEko Elikagaien Xahuketarik Ez plataformarekin.
Bereizgarria lortzeko, Ingurumen sailak eskatzen duena azaldu du Oiarbidek. “Elikagaien xahuketa murriztearekin batera, langileei gai horren inguruko informazioa eta prestakuntza eman beharko diete. Hondakin mota guztiak behar bezala banatu eta kudeatu beharko dituzte”. Laster Ingurumen sailak Donostiako Udalaren webgunean duen atalean argitaratuko du jatetxeentzako gida, 25 neurri inguru jasoko dituena.
Hiriko jatetxe hainbatetan janaria eramateko ontzi konpostagarriak erabili ahal dira. Gourmet Bag egitasmoaren bidez, hainbat lokaletan abian jarri dute, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzari esker.