Donostiak Gure Esku Dagoren herri galdeketa hartuko du igandean, hurrengo galderari erantzunez:
Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?
IRUTXULOKO HITZA kalera atera da galdeketan parte hartuko duten hainbat herritarri bozkatzeko dituzten arrazoiak zeintzuk diren galdetzeko.
Nahi duguna erabakitzea gure esku dagoelako bozkatuko dut galdeketan. Modu herrikoi eta baketsuan izanda, inolako kalterik egiten ez duela uste dut.
Idoia Lujanbio, 36 urte.
Oinarrizko eskubidea dela uste dudalako joango naiz bozkatzera. Nola ezingo dugu ba gure etorkizuna guk geuk erabaki?
Iñaki Zabalegi, 67 urte.
Galdeketaren antolakuntzan laguntzen ibili naiz auzoan, erabakitzeko eskubidea bermatu behar dela uste dudalako. Igandean ikusiko dugu herritarrok erabakitzea posible dela.
Izaskun Azkarate, 62 urte.
Euskaldunok gure gizarte eredu propioa zein izango den erabakitzeko eskubide osoa dugula iruditzen zait, eta horregatik bozkatuko dut.
Markos Ramirez, 23 urte.
Nire etorkizuna nik erabaki nahi dudalako. Euskal Herria estatu independientea izatea gustatuko litzaidake, eta nire iritzia, beste guztiona bezala, kontuan hartua izan beharko litzateke.
Josean Loza, 48 urte.
Ezezkoa emateko joango naiz igandean bozkatzera. Nire iritziz, ez dagokigu guri soilik independentziaren inguruan erabakitzea, eta Europako marko legalak ere hala zehazten du.
Begoña Cerezo, 47 urte.
Herri batek bere etorkizuna erabakitzeko aukera izatea oinarrizkoa iruditzen zait demokrazia batean. Inork ezin digu eskubide hori ukatu.
Alex Mendiburu, 20 urte.
Jendeari bere iritzia galdetzea gauza ona dela uste dudalako. Gero ikusiko dugu zer egin, baina, zein kalte egin dezake herritarrek era baketsuan bozkatzeak?
Gorka Zubeldia, 38 urte.
Igandeko galdeketan parte hartuko dut euskaldunok gure eskubidea dena aldarrikatzea ezinbestekoa dela iruditzen zaidalako.
Uxue Oliveira, 19 urte.
Garrantzitsua iruditzen zaidalako. Helburuak Euskal Herri osoan bozkatzea izan behar du, eta ofiziala ez izan arren, galdeketak bide horretan lagunduko du.
Jesus Mutuberria, 63 urte.