Torturatutako emakumeen egia
Jasandako torturen testigantza egin dute Miren Azkaratek, Kristina Getek eta Leire Gallastegik, Foro Sozialak eta Antxeta irratiak antolatutako ‘Nik sinisten dizut: emakume torturatuen egia’ mahai inguruan.
Ikusmin handia sortu du joan den astean Emakumeen Etxean egin zuten Nik sinisten dizut: emakume torturatuen egia mahai inguruak. Foro Sozial Iraunkorrak eta Antxeta irratiak antolatutako mintzaldian, torturatuak izan diren hiru emakumek atxilotu ostean inkomunikatuta egon ziren egunetan jasandakoa azaldu zuten: Miren Azkarate Badiolak, Kristina Gete Etxeberriak eta Leire Gallastegi Ormazabalek. Irutxuloko Hitzak hiruren testigantzak jaso ditu bideoan, eta Irutxulo.hitza.eus webgunean ikus daitezke. Prozesu luzea egin behar izan dute hirurek, gertatutakoari buruz hitz egin ahal izateko.
Hirurek baieztatu zuten torturatu zituzteneko oroitzapenekin bizitzen ikasi behar izan dutela, eta hori, hein handi batean, ingurukoen eta biktimen arteko elkartasunari esker izan dela. Kritiko agertu dira agintarien jarrerarekin, eta torturen aitortzaren beharra nabarmendu dute. «Nik ez dut barkamenik nahi, egin dutena aitortzea besterik ez dut nahi, eta ez bakarrik poliziak, atzean dauden arduradunek baita ere:?politikariek, epaileek, forenseek eta hau dena isildu duten komunikabideek», esan zuen Azkaratek.
Tortura patroi berak
Laura Pego abokatua eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea izan zen testigantzak testuinguru teorikoan kokatzeko arduraduna. Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014) txostenaren egileetako bat da Pego, eta generoaren arabera tortura mota desberdinak egon direla ondorioztatu zuen. Torturatutako emakumeen kasuan, gehienek tortura patroi berak jasan dituztela adierazi zuen, eta Azkarateren, Geteren eta Gallastegiren testigantzek ere agerian utzi zuten hori.
Abokatuaren hitzetan, emakumeek «bultzakada gehiago, iletik tira egite gehiago, indarkeria sexual gehiago eta umiliazio gehiago» jasaten dituzte. Pegok nabarmendu zuen giza eskubideen urraketan genero ikuspegia izatea ezinbestekoa dela; hala ez izanez gero, «biktimen parte bat alde batera uzteko arriskua» dagoelako.
Testigantzak
Azkarate izan zen bere esperientzia kontatu zuen lehena. 2002an atxilotu zuen Guardia Zibilak, 18 urte zituenean. Bere bi kideek bezala, aitortu zuen etxeko igogailuan hasi zela «infernua», eta etxetik eramaterakoan, ez ziotela anaiaz agurtzen utzi. Inkomunikatuta egon zen egunetan bere kontra erabili zuten hori, eta anaia atxilotuta zegoela eta gauza bera egiten ari zitzaizkiola sinetsarazi zioten:?«niretzat tortura okerrenetarikoa izan zen».
Senideei zerbait txarra egingo zietelako mehatxua errepikatu egiten dela ondorieztatu zen mahai inguruan, izan ere, Gallastegiren kasuan, ama atxilotuko zutelako mehatxua izan zen gehien errepikatu ziotena. «Momentu batean, aukeratzeko esan zidaten: elektrodoak, makil bat, edo nire ama atxilotzeko telefono bat. Ez dakit zergatik, baina makila aukeratu nuen», adierazi zuen Donostikoak. Gete 1998an atxilotu zuten, garai hartan bere bikotekidea zenarekin batera, eta kontatu zuenez, mutilaren atxiloketa ere erabili zuten bere aurka. Gainera, Geteri eta Gallastegiri, hildako Gurutze Iantzi bezala amaitzeko mehatxua egin zieten.
Bakoitzak jasandako torturen ñabardurak azaldu zituzten, baina elementu asko errepikatzen direla erakutsi zuten. Esaterako, hirurak biluzik eduki zituzten inkomunikatuta egon ziren egunetan, eta mehatxuak, kolpeak, umiliazioak eta oihuak etengabekoak zirela adierazi zuten. Guztien zeldetan argia piztuta egon zen egunero, atsedena eta loa galarazteko. Azkaratek eta Getek egun guztietan burua tapatuta izan zutela esan zuten, eta horrek «izugarrizko desorientazioa» eragin ziela kontatu zuten. Geteren esanetan, «kalabozoan zaudenean, zure gorputzetik ateratzen zara. Gorputza han dago, baina zu zure gorputzetik kanpo zaude». Hiruretatik Getek bakarrik daki Tres Cantosen eduki zutela, bidean Guardia Zibila galdu egin zelako, eta galdetzera gelditu zirenean entzun zuelako.
Era berean, guztiek pairatu zituzten tortura sexualak. Azkarate Guardia Zibil bati felazio bat egitera behartu zuten, eta Getek makil batekin bortxatua izan zela aitortu zuen. Bortxatuko zituztela mehatxatzen zituzten etengabe. Torturak utzi dizkien ondorio «ikaragarriak» ere aipatu zituen Azkaratek, eta honakoa kontatu zuen: «Duela hiru urte ez neukala okadarik, eta gaur berriro izan ditut. Ez da kasualitatea».
Nik sinisten dizut
Nekane Altzelai izan zen, Foro Sozial Iraunkorraren izenean, mahai inguruari amaiera emateko arduraduna. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zien torturaren aitortzarako lagungarri diren egitasmoak aurrera eramateko beharrezko baliabideak jartzen jarraitzeko.
Altzelaik baieztatu zuen horrelako beste ezer etorkizunean ez errepikatzeko, ezinbestekoa dela «torturaren drama sozializatzea, posible egin duten arrazoei erreparatzea, eta tortura jasan duten pertsonen testigantzei sinesgarritasuna ematea». «Guk sinisten zaituztegu», gaineratu zuen.
Gatazka politikoaren testuinguruan gertatu den emakumeen kontrako indarkeria «bereziki krudela» izan dela aitortu zuen, eta horren arrazoia jendartea gurutzatzen duen egiturazko indarkeria matxista dela gaineratu zuen. Gainera, biktimen testigantzak entzutea «aitortzarako potentzial izugarria duen tresna» dela esan zuen. Amaitzeko, Foro Sozialak «euskal jendarteak egia osoa ezagutu dezan» lanean jarraitzeko duen asmo tinkoa berretsi zuen.