Marcos Muro, Beatriz Artolazabal, Eneko Goia eta Ernesto Gasco, aurkezpenean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2018/2019 Enplegu Plana aurkeztu dute. Guztira 209 lanpostu sustatuko dituzte. Formalizatutako 70 postu, tokiko enpresetako 130 kontratu eta beste 3 kontratazio gazte bermearen planaren bidez sortuko ditu udalak. Izena emateko beharrezkoa da donostiarra izatea, langabea eta Lanbideko zerrendatan lan eskatzaile gisa agertzea.
Egitasmoa Donostiako Sustapenak abian jarritako Donostia UP! Planaren parte da. Berrikuntza du oinarri, eta hiru ardatzen inguruan antolatuta dago: giza kapitala, enpresa lehiakortasuna eta lurralde kohesioa. 1.466.404 euroko aurrekontua du, eta kontratazio kopurua handitu du 2017/2018 aldiarekin alderatuta.
Planaren helburu nagusia da hiriko jarduera ekonomia sustatzea eta, horretarako, enplegua sortzea, eragin berezia izanda lan merkatura sartzeko zailtasun gehien duten kolektiboetan. Planak lehentasuna ematen die emakumeei, 45 urtetik gorakoei, iraupen luzeko langabeei eta 30 urtetik beherako gazteekin egindako kontratuei. Aldi berean, indartzen du diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzako kontratuen sustapena.
Eneko Goia alkatea, Ernesto Gasco Enplegu zinegotzia, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburua, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea eta Borja Belandia Lanbideko zuzendaria izan dira planaren aurkezpenean. Goiak adierazi du, enpleguaren sorkuntza gehiena sektore pribatutik datorren arren, erakundeek ere enplegua sustatzeko ahalegina egin behar dutela. “Lagundu dezakegu enplegua sustatzen eta sortzen lan merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituzten esparruetan eta kolektiboetan”. Enplegu planak diseinatzerakoan erakundeen arteko elkarlana azpimarratu du. “Horri esker, zailtasunak dituzten pertsona askok lan merkatura sartuko dituen enplegu bat lortu dezakete”.