Igeldoko jolas parkea.
Donostiako Udalak Igeldoko jolas parkean tirolinak jartzeko plan bereziari hasierako onarpena eman dio. Alaia erretegiaren atzean dagoen landa eremuan jarriko dituzte tirolinak.
Jolas parkeak egindako proposamena onartu eta bideratu du udalak. Eneko Goia alkateak ez du zehaztu noizko egongo diren erabilgarri, baina datorren urteko udarako prest egotea zail ikusten du.
Tirolinen eremuan, parte hartzaileek maila baxu eta ertaineko aisialdi ibilbide bat egin ahal izango dute, trebezia eta oreka trebatuz. Tirolinak zuhaitzetara lotuta egongo dira, zuhaitzak kaltetu gabe. Segurtasun sistema bat ere jarriko dute parte hartzaileak babesteko. Horrela, abentura zirkuituak osatuko dira, eta jolas parkearen berritasuna izango da.