(Argazkia: Txintxarri)
Donostiako Planeamendu Aholkularitza Batzorde Iraunkorra asteartean bildu zen, Donostia eta Lasarte-Oria arteko Errekalde-Teresategi eremuan azalera handiko saltokia eraikitzeko Bateragarritasun Plana lantzeko. Haritzalde naturzaleen elkarteak jakinarazi duenez, batzordea planaren aurka agertu da. Belartza 2 plataformak ere kontrakotasun hori azpimarratu du.
Hirigintza proiektuaren sustatzailea Lasarteko Udala da. Aurrera eramateko, Bateragarritasun plana onartu dute bi udalerriek, azalera handiko saltoki berriaren kokapena partekatzen dutelako. Haritzaldek nabarmendu du, Teresategi mendiko hegalak berreskuratzen ari den eta kontserbazio egoera onean dagoen basoa duela. Gaur egun, industria-zoru kalifikazioa du. Salatu dutenez, zonalde naturala artifizializatzeko asmoari eusteaz gainera, zoru industriala komertzialera aldatzeko asmoa dute sustatzaileek, ekimen pribatu bati erantzuna emateko.
Batzordeko bileran ondorengoa esan zela dio Haritzaldek: “Fauna, flora, bioanitztasuna eta paisaiaren aurka era itzulezinean atentatuko lukeen hirigintza eragiketa horrek gizarte-zilegitasunik ez du eta ez da interes orokorrean oinarritzen”. Saltoki berriak Donostian eta Lasarten eragin ezkorra izango duela gaineratu zuten. “Arazoen artean mugikortasun jasangarriaren aurka doan trafikoa, airearen kalitatearen okertzea eta zarataren gorakada aipa litezke. Bertako eta gertuko komertzioan izango lukeen eragin negatiboa ere hizpide izan zen”.
Eusko Legebiltzarrak 2018ko otsailaren 14an azalera handiko merkataritza gune berriak ireki edo handitzeko tramitazio eragiketetan etete baten premia aitortu zuen.