Herrera eta Trintxerpe arteko igarobidea protesta artean inauguratu dute
Oarso Bidasoako Hitzak inaugurazio ekitaldian gertatu dena jaso du. Egitasmoan inplikaturiko erakunde guztietako arduradunek parte hartu dute, tartean, Eneko Goia alkateak. Igarobidearen irekiera protesta egiteko baliatu dute Badian Bizi plataformako kideek.
Nahikoa da, ez jolastu gure osasuna eta bizi kalitatearekin zioten pankartak eutsita egin dute protesta. Bestalde, herritar batek porlan hautsa bota du agintarien kontra “nahikoa da”, “portua zikina” eta “hau da guk egunero jasan behar duguna” oihukatzen zuen bitartean. Identifikatu eta atxilotuta eraman dute. Bigarren lagun bat identifikatu du Ertzaintzak, ondoren libre uzteko.
Pasaiako badiaren biziberritzea
20.400 metro karratuko gune bat da orain biziberritzen ari direna. Hondeaketa lanak egin zituzten lehenik, eta jarraian betelan ikusgarria, zehaztu dutenez, 70.000 metro kubiko lur baino gehiago mugituz.
Oinezkoentzako 340 metroko pasealekua ondu dute, lau metroko zabalerarekin; 110 metro igarobide, eta beste horrenbeste bidegorri, 260 metroko zabalerakoa. Horrez gain, zabalgune bat, plazak, lorategi-guneak, zuhaitzak eta hiriko altzariak jarri dituzte, herritarren erabilerarako.
Lanen bidez Herrerarako trenbiderako sarrerak erraztu dituzte, eta oinezkoen trafikoa eta kamioi eta autoena bereizi dituzte, agintari gehienek nabarmendu dutenez, “herritarren bizi kalitatearen alde baina garapen ekonomikorako oztopo izan gabe”.
Ildo beretik, lan hauek bigarren fase bat izango dutela aurreratu dute. Iragarri dutenez, “estalki ibilgarria” izango duten biltegiak eraikiko ditu azpialdean Portu Agintaritzak.
Donostiako Herrera auzoa eta Trintxerpe lotuko dituen oinezkoentzako eta txirrindularientzako igarobidea ireki dute, gaur goizean.