Epaitegiaren aurrean egin dute igandeko manifestaziorako deia; Nerea Irastorzak eta Flor Rodriguezek irakurri dute oharra. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak antolatu ditu iganderako, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta.
Injustizia patriarkalaren gainetik, saretze feminista da aurten erabiliko duten leloa, eta Donostian 12:30ean irtengo da manifestazioa, Bulebarretik. “Zuen biolentziek erantzuna izango dute! Aurrean gaituzue! Gora borroka feminista”, aldarrikatu dute.
Argi utzi dute “nazkatuak” daudela justiziaren erabakiekin: “Justiziak, ustez, babestu egiten gaitu, eta kontra egiten dio indarkeria matxistari; baina, benetan, heteropatriarkala da, eta halako lojika bortitz, zapaltzaile eta baztertzaile batzuetan oinarritzen da”.
Hilketa matxisten inguruan ere hitz egin dute, eta erakundeen “diskurtso hutsalek” edo minutu bateko isiluneek ez dutela ezertarako balio diote. “Ardura denona dela esaten dute oraindik ere, hala, emakumeena nola gizonena. Ez dute konponbiderik ematen; guztiz kontrara, babesik gabe uzten gaituzte”.
Donostiako Udalaren aurka ere egin dute, igandean maratoiari lehentasuna emateagatik. Izan ere, hasierako ibilbidea aldatu eta Parte Zaharrean barrena egin beharko dute manifestazioa.
Salaketa guztietaz gain, emakume guztien borrokekin bat egiten dutela aipatu dute: “Gure babesa agertu nahi diegu lan arloko borrokak egiten ari diren emakume antolatu horiei guztiei, batez ere, zerbitzuen sektorekoei”.