Helene Armentia Elhuyar Aholkularitzako langileak Euskaraldiko hainbat trebakuntza saio dinamizatu ditu. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Bihar iritsiko da askok jakinminez itxaron duten momentua: Euskaraldiaren hasiera! Azken hilabeteetan asko izan dira modu batera edo bestera egun hauetarako prestaketan murgilduta egon diren herritarrak: trebakuntza saioetan parte hartu dute batzuek, auzoetan jarduerak antolatu dituzte beste batzuek, eta abar. Horrela, prest daude jada Euskaraldirako.
Helene Armentia Elhuyar Aholkularitzako langilea izan da trebakuntza saioak dinamizatzeaz arduratu den pertsonetako bat, eta horietan landu dutenaren berri eman digu. Azaldu duenez, gehien bat, parte hartzaileak ahaldundu eta «euskaldun askok dugun erru sentsazioa» gainetik kentzeko balio izan dute formakuntza saioek.
Bagera elkarteak ere berebiziko garrantzia izan du Euskaraldiaren antolakuntzan, eta elkarteko langilea den Idoia Trenorrek ere egindako lanaren inguruan hitz egin digu. Gainera, hirian datozen egunetan Euskaraldiaren harira antolatutako jardueren berri eman digu.
Erreportaje osoa ostiraleko astekarian argitaratuko dugu.