Ubik liburutegiko bitartekarien egoera hobetzearen alde agertu da udalbatza
Tabakalerako Ubik liburutegiko langileek bizi duten prekarietate egoera azaleratu zuten urrian. EH Bildu eta Irabazi Donostia taldeek liburutegiko bitartekarien eskaerak eraman dituzte azaroko udalbatzarrera. Udal talde guztiak langileen egoera hobetzearen alde agertu dira.
Bitartekariek lan baldintzak hobetzeko eskatu diote Tabakalerako administrazio kontseiluari. Donostiako Udala kontseiluaren parte da, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Horrela, EH Bilduk eskatu dio Eneko Goia alkateari bitartekariekin elkartzeko, langileen eskaerak ezagutu eta gatazkan bitartekaritza lana errazteko. Irabaziren eskaerak ere aintzat hartu ditu udalbatzak. Hala nola, udal gobernua Ubikeko langileekin harremanetan jartzea, langileen prekarietatearen bukatzea, eta liburutegiko baldintza orriak berriz begiratzea lan baldintzak hobetzeko.
Udal gobernua osatzen duten bi alderdiek ontzat eman dute eskaera, ñabardurekin. Jon Insausti jeltzaleen bozeramaileak adierazi du “paternalismo” kutsuarekin ezin dela gaia landu. Era berean, eskaerak onartu arren Tabakalerako zuzendaritzarengan udal gobernuak konfiantza osoa duela azpimarratu du. “Paternalismo” hitzaren erabilera gaitzetsi, eta aipaturiko arazoaren aurrean udalak “erantzukizuna” duela esan du EH Bilduk.
Ubik liburutegiko bitartekariak lanuzte aktiboak egiten hasi dira.