Lola Garridoren bildumako argazkiak jaso dituzte erakusketa batean
Lola Garridoren argazki bildumaren zati bat bisita daiteke Tabakalerako Kutxa Fundazioaren Artegunean: “Argazkigintzaren historian murgiltzeko aukera paregabea, lehen mailako egileen lanen aukeraketa bat”. Bildumagile donostiarrak 700 argazki baino gehiago ditu, beraz, bildumatik aukeraketa egin dute, eta 78 egileren 120 argazki jaso dituzte.
Lola Garrido bildumagilea da 1986tik. Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen. Irudia eta hitza izan ditu pasio, baita zinema ere, eta horri jarraikiz, Donostia Zinemaldian lan egin zuen. Eta horrek bere begiratzeko modua baldintzatu duela dio.
Bere bilduma autobiografikoa dela dio Garridok, eta hainbat gai errepikatzen dira: moda, emakumea eta abangoardiak. “Erakusketa ikusterakoan jabetuko gara Lola Garridok bereziki maite dituela enkoadratze modernoa duten argazkiak, baita protagonista emakumeak dituztenak ere”.
Edonola, hainbat genero ikusiko dituztela diote: erretratua, natura hila, hiri-paisaia, argazki dokumentala edo zientifikoa. Bildumak biltzen ditu 1865etik gaur egunera arteko lanak. Hala ere, corpus nagusia aurreko mendeko 1920ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara arteko lanek osatzen dute.
Bisita gidatuak eta ikastaroak astero:
Doako bisita gidatuak eskainiko dituzte igandetan publiko orokorrarentzat: 18:30ean, euskaraz, eta 19:30ean, gaztelaniaz.
Igandero, 12:00etatik 13:30era, Bildumagileak gara! Mirarien kabinetea familia-tailerra egingo dute (5 eta 12 urte arteko haurrentzat eta haien senideentzat).
Ezinbestekoa da aurrez izena ematea aretoan bertan, telefonoz deituta (943 251 937) edo honako helbide honetara mezu elektroniko bat bidalita: hezkuntza_artegunea@kutxakulturartegunea.eus.