(Argazkia: Donostiako Udala)
Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Donostiako Udalak erakunde adierazpena atera du. Udal talde guztiek sinatu dute. Adierazpenaren bidez, indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzeko konpromisoa berretsi du udalak.
Hamahiru konpromiso hartu ditu udalak:
1. Donostia genero-indarkeriarik GABEKO hiri gisa aitortzen dugu.
2. Udal-zerbitzuak hobetzen jarraituko dugu, eta genero-indarkeria jasan duten emakumeen arretarako zerbitzuak hobetzeko aurrekontu nahikoak bideratuko ditugu, emakumeei arreta osoa eskainiko dien zerbitzu-sare bat sortu ahal izateko, banakako ahalduntze eta erreparaziorako ikuspegi feminista batetik.
3. Prebentzio- eta segurtasun-neurriak diseinatzeko orduan, indarkeria-egoeretatik bizirik ateratako emakumeei entzungo diegu, emakumeek bizi, babesa jaso eta ahaldundu ahal izateko estrategiei behar adinako balioa emanez.
4. Laguntza-zerbitzuen bidez, emakumeei lagunduko diegu bizi izandako indarkeriaren kontakizuna egiten, indarkeria hori sistema sozial patriarkal batean eraikitako menderatze- eta kontrol-mekanismo gisa ulerturik.
5. Laguntza-talde nahiz plataformen ekimen kolektiboei babesa emango diegu, indarkeria-egoeretatik bizirik ateratako emakumeek bizi izandako indarkeriaren kontakizun kolektiboa osa dezaten eta urratu zaizkien eskubideak eta dagokien erreparazioa aldarrika ditzaten.
6. Biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuak babestuko ditugu, emakumeek emandako lekukotasunari eta adierazitako beharrei egiazkotasuna aitortuz.
7. Indarkeria matxistaren biktimak publikoki aitortzeko eta erreparatzeko ekintzak –indibidualak nahiz kolektiboak– egingo ditugu: emakumeen erresistentzia-memoria berreskuratzeko ikerketak, omenaldiak, emakumeen memoria eta kontakizunak ezagutzera emateko jardunaldiak, sentsibilizazio-tailerrak gazteekin, etab.
8. Mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistaren biktimen kolektibo eta elkarteekin egingo dugu lan.
9. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskaera egingo diegu berdintasun-balioetan oinarrituta dagoen eta emakumeak ahaldunduko dituen baterako hezkuntza bermatzeko prebentzio-neurriak landu ditzaten.
10. Eusko Jaurlaritzari eta Estatuko gobernuari eskaera egingo diegu epaileek, magistratuek eta Ministerio Fiskalak berdintasunez jardutea berma dezaten, eta genero-indarkeriari buruzko gaiez arduratzen diren epaitegi eta auzitegiek behar dituzten bitarteko eta espezialitateak izan ditzaten.
11. Eusko Jaurlaritzari eskaera egingo diogu, Osakidetzarekin elkarlanean, emakumeen osasunerako behatoki bat sor dezan, genero-indarkeriak emakumeen osasunean duen eragin bortitza identifikatu ahal izateko.
12. Donostiako Udalak bere egiten du indarkeria matxistaren aurkako Emakumeen Mundu Martxaren protokoloa.
13. Donostiarrak animatzen ditugu azaroaren 25a dela-eta indarkeria matxisten aurka hirian antolatuko diren ekintzetan parte har dezaten.