Zabaleta kaleko 5. zenbakian egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Elizaren Zabaleta kaleko egoitza parean, eraikina aparthotel bihurtzearen aurka. Udalak apezpikutzari obretarako lizentzia eman zion aurreko astean, eta Donostiako Gotzaingoak bertan 26 apartamentu turistiko egiteko asmoa dauka.
Jarraian, elkarretaratzean irakurri duten adierazpena:
HOTEL BAT GEHIAGO EGIN NAHI DUTE HEMEN!
Azaroaren 10eko prentsatik jakin genuenez, atzean dugun eraikin hau (Zabaleta kaleko 5.a) hotel bilakatu nahi du Munillak zuzentzen duen Donostiako Gotzaingoak. Zehazki 26 apartamentu turistiko (hotel lizentziarekin) eta taberna bat ireki nahi dituzte. Udalak jada baimena eman die, are gehiago zabaltzeko hiri eta auzoko eskaintza turistikoa. Beranduago jakn dugunez, erdialdeko beste eraikin batekin ere guza bera egin nahi dute.
Azken bost urteetan, 26 hoteletik gora baimendu dira hirian. Pisu turistiko eta pentsioen gorakadak kontuan hartuz, milaka logela sortu dira turismoari lotutako erabilerarako. Proiektu hauetako asko auzotarren oposizioaren gainetik, lurra edo ondarea txikituz, etxebizitza izatea zailduz eta legedia nahi bezala interpretatuz sortu dituzte, negozioa herritarron bizitzen gainetik jartzen duten inbertsoreek. Protestez gain, ondorio larriak izaten ari dira. Prezioen igoerak gure auzoetan bizitzea zailtzen digu.
Gros auzoa ez dago honetatik salbu. Arazoa Parte Zaharrak bakarrik eta hilabete pare batez duela saltzen digute, baina gero eta zablagoa da turistifikazioaren kolpea. Turismo “jasangarriaren” izenean, auzo gehiagotara, hilabete gehiagotan zehar zabaltzen doa aberatsenak aberasten eta bizilagunak kontsumitzen dituen postala.
Behin berriro ere, espekulazioak ez du hirian bizitzerik uzten. Donostiarrak hiritik botatzen gaituzte, negozioa gure bizitzen aurretik kokatzen. Hala, gure ezinegona azaldu eta proiektu hau bertan behera uzteko exijitzen dugu.
Hondarpe Groseko auzo elkartea, Hotel + Ez eta Bizilagunekin