"Errespetatu egin behar gaituzte"
Ana Lopez, abokatua.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko eguna da azaroaren 25a, eta gai horren inguruan asko daki Ana Lopezek, Emakumeen Etxean aholkularitza juridikoa ematen duen abokatuetako batek. Zerbitzuaz, justizia patriarkalaz, eta biktimek bizi duten egoeraz hitz egin digu, luze eta zabal: egoera aldatzeko gakoa heziketa feminista zabaltzea dela uste du.
Noiztik zabiltza Emakumeen Etxean?
Madrilgoa naiz eta 2002an etorri nintzen Donostiara bizitzera. Abokatua naiz lanbidez, eta horretaz gain, Emakumeen etxean militatzen dut.
Emakumeei doako aholkularitza juridikoa ematen diezue, ezta?
Hori da, 2010ean inauguratu genuen etxea, eta ordutik ematen dugu aholkularitza. Emakumeen Etxea kudeatzen dugu Emakumeen Etxea elkarteak eta Donostiako Udalak. Gipuzkoako emakumeen elkarte askok parte hartzen dute etxe honetan. Gipuzkoako emakume bananduen elkartearen bidez aritzen naiz ni; Alaitz Zugazti ere aritzen da, Arrats elkartearen bidez [baliabide soziala eta juridikoa ematen duen elkartea]. Asteazkenero ematen dizkiegu hitzorduak emakumeei; 16:30etik 18:30era eta 19:00etatik 21:00etara.
Nola lan egiten duzue?
Guk aholkatu bakarrik egiten ditugu, eta doako justizia dagoela esaten diegu, baldintza ekonomiko batzuk betetzen badituzte erabil dezaketena, ofizioko abokatu bat ere lortzeko. Beharrezkoa bada, zerbitzu sozialetara ere bideraten ditugu, laguntzak eska ditzatzen. Etxe honetako jarduerak ere aholkatzen dizkiegu.
Emakume bakoitzari orduerdiko tartea ematen diogu. Gehienak etortzen dira bikotekidearekin gatazkaren bat dutelako, eta horietako batzuk indarkeria matxista kasuak izaten dira. Saiatzen gara aholkatzen eta baliabideak ematen euren banatze edo dibortzio egoeretan; eta indarkeria tartean badago, prozesuaren berri ematen diegu. Migratzaile asko ere etortzen dira, legaltasunaren bila, eta zein baldintza bete behar dituzten esaten diegu bizitzeko eta lanerako baimenak lortzeko. Euren etxebizitzekin edo lanean arazoak dituztenak ere etortzen zaizkigu, baina gutxiago.
Asteazkenero izaten duzue jendea?
Bai. Urtea hasi denetik, 130 emakume baino gehiago artatu ditugu, eta oraintxe bertan, hilabete eta erdiko itxaron zerrenda dugu. Maila sozial guztietako emakumeak igaro dira hemendik, lana dutenak, ez dutenak, ekonomia maila ertainekoak, eta, noski, egoera prekarioan bizi direnak.
Zein adineko emakumeak izaten dituzue?
Gehienak 35 eta 60 urte bitartekoak izaten dira. Hala ere, gazteagoak eta zaharragoak ere izaten ditugu.
Zein egoeretan iristen dira?
Gehienak oso galduak egoten dira, mundu juridikoa oso urruti geratzen zaiolako mundu guztiari. Ez dakite bizitzen ari diren gatazka definitzen. Asko etortzen dira zerbitzu sozialetatik bideratu dituztelako, edo medikuak edo Lanbiden esanda. Bortizkeria matxistaren biktimak, esaterako, kontatzen hasten dira, jakin gabe esango dieguna dela tratu txarrak jasaten ari direla.
Pozik geratzen dira jasotzen dutenarekin?
Bai, gustura egoten dira. Gehienek eskertzen digute jasotzen duten zerbitzua. Zerbitzua eskaintzen dugunak feministak gara, eta emakumeak ahalduntzen saiatzen gara. Batzuei errieta egiten diet, eta esaten diet ezin dituztela euren bikotekidearen jarrera batzuk onartu. Euren gatazkaren parte izan behar dira.
Justizia dagoen moduan, ‘La Manada’ kasuaren modukoetan gertatutakoa ikusita, ez da erraza izango justizian sinestaraztea.
Etxean badugu Erasoen Aurkako Batzordea, eta halako kontuak aztertzen ditugu. Orain, adibidez, lantzen ari gara eraso matxisten biktimek jasaten duten erakundeen bortizkeria. La Manada eta halako talde bortxaketen aurrean hartutako erabakiek erakusten dute erakundeen bortizkeria. Epaile askok legearen interpretazio patriarkala egiten dute, ez diote garrantzirik ematen emakumeek euren sexualitateari buruz erabaki ahal izateari. Horren aurka borrokatzeko lanean ari gara. Bat egiten dugu Bilgune Feministak deitzen dituen elkarretaratze eta manifestazioekin, eta etxean jarduerak antolatzen ditugu.
Emakumeen errelitatea zein den erakusten diegu. Salaketa bat jarri badute, ongi egin dutela esaten diegu, eta jarri ez badute, jartzera animatzen ditugu. Beti ere epaitegian zerekin topo egingo duten azaltzen diegu, oso egoera gogorrei aurre egin beharko baitiete. Asko salaketa jarri eta gero damutu egiten dira halako nahaspila batean sartu izanaz.
Zein tratu jasaten dute erasotzaileek?
Kartzela zigorrak jartzen badizkiete, espetxera joaten dira, eta hor erasotzaileentzako erreabilitazio programak egon behar direla suposatzen da. Nik dakidala, ordea, Gipuzkoan ez dago halako programarik. Sententziak betetzen dituzte, baina euren jarrerei esker beste preso batzuek baino abantaila handiagoak jaso ditzateke. Emakume bat erasotu duten arren, euren kartzelako jarrera izan liteke auto bat lapurtu duen pertsonarena baino hobea. Bestalde, urrutiratze zigorrak Euskadin kontrolatzen direla esango nuke, Ertzaintza gainean izaten baitute.
Justiziaren jarrera alda liteke?
Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta pentsatu behar dugu emakumeak parte handi bat garela. Gizonen ahalmen bera dugu, errespetatu egin behar gaituzte, gizonen artean errespetatzen diren moduan. Heziketa kontua dela uste dut. Gainera, nire ustez abokatuak eta epaileak prestatu egin behar dituzte politika feministaren berri izan dezaten.
Azaroaren 25a datorrela-eta giro berezia izaten duzue Emakumeen Etxean?
Erasoen kontua egunerokoan bizi dugu, baina egia da hilabete hau berezia izaten dela. Erasoen aurkako Batzordean, esaterako, autodefentsa txilibituak salgai jarri ditugu, 50 zentimotan, eta manifestaziora eramango ditugu. Gainontzean, ez dugu ohikoa baino mugimendu gehiago.
MANIFESTAZIOA
Euskal Herriko Bilgune Feministak manifestaziorako deia egin du, urtero legez , azaroaren 25arekin bat eginez. Protesta igandean bertan izango da, 12:30ean, Bulebarretik abiatuta. Lelo hau erabiliko dute aurten: Injustizia patriarkalaren gainetik, saretze feminista. «Injustizia sistema horren izaera patrialkala jarri nahi dugu jo puntuan; ez baitu indarkeria matxistaren errora jotzen». Salatu dute indarkeria matxistaren inguruko diskurtsoetan «zurikeria politikoa» dagoela: «Beharrezkoa da prozesuaren erdigunean erasotua jartzea, bere beharrak, askatasuna eta erritmoak aintzat hartzea». Hala, borrokan jarraituko dutela adierazi dute: «Zuen biolentziek erantzuna izango dute! Aurrean gaituzue! Gora borroka feminista!»