Donostia Ospitaleko medikuek txosten klinikoak euskaraz idazteko eskubidea aldarrikatu dute
Euskaraldia dela eta, Donostia Ospitaleko medikuek urrats bat eman nahi izan dute euskararen erabileraren alde. Hain zuzen, orain arte beti gaztelaniaz idatzi diren txosten klinikoak euskaraz idatziko dituzte zenbait langilek datozen hamaika egunetan zehar, Osakidetzak horretarako baimena eman ostean. Ordea, baldintza jakin batzuen menpe utziko diete euskara erabiltzen, “prioritate edo larritasun maila baxuko kasuetan soilik”.
Orokorrean Osakidetzak gaztelania hutsean funtzionatzen duela eta euskara txoko txiki batzuetara mugatua dagoela salatu dute langileek. Egitasmoa EAEko Osakidetzaren hainbat zentrotan errepikatuko dute.
Jarraian medikuek egindako idatzia:
Alta Txostenak Osakidetzan Euskaraz Orain
Osakidetzan lan egiten dugun mediku egoiliar ugarik, euskaraz bizitzeko aukera egikaritzeko bidean aurrerapauso bat emateko hautua egin dugu.
Orokorrean Osakidetzak espainol hutsean funtzionatzen du, eta euskara txoko txiki batzuetara mugatua dagoela ikusten dugu bai paziente, bai ikasle eta baita langileok ere. Muga hau gainera ahozkotasunera mugatzen da, praktikara eta erregistroetara iristen ez den espazioetara, salbuespenak salbuespen.
Euskarak Osakidetzaren erdigune izan behar lukeela uste dugu, bai egiten ditugun txosten eta idazkietan, eta baita kontratazio irizpide, formakuntza eta abarretan ere. Euskara ezin da ekimen folkloriko hutsetara mugatu.
Euskaraldiak dakarren uholdeak probestuta, gaixoei bideratutako txosten klinikoak euskaraz idazten hasiko gara zenbait ospitaletan. Osakidetzak horretarako baimena eman digu zenbait zentrutan, baina baldintza konkretu batzuekin.
Langileok aurrera gindoazela ikusita, eta benetan euskal gizartearen beharrak interpretatuta, baimena eman digute prioritate edo larritasun maila baxuko kasuetan euskaraz idazteko.
Esker onez hartu dugu txostenak egiteko baimena eman izana, baina azpimarratu nahi dugu, ez dizkigutela txosten horiek euskaraz idatzi ahal izateko baliabiderik eskaini, eta espainolez ditugun aurreidatziak euskaratzeko lana gure gain hartu behar izan dugula, baita zentro ezberdinetako lankideekin elkarlanean ekimena zabaltzeko ardura ere.
Oztopoak oztopo, aurrera doa ekimena, eta haien baimenarekin baina laguntza gutxirekin, langileok hartua dugu pazienteek behar duten kalitatezko arreta emateko pausua.
Hortaz, pazientegai orori, langile orori, eta euskal herritar orori gonbita luzatzen diogu bere osasun administrazioei bere arreta euskaraz eskaini eta komunikazio kliniko idatzia ere euskaraz emateko, elebideri eta norbere osasungintzako arduradunari (Osakidetza zein Osasunbideari) iradokizun, eskaera, edo kexa bideratuz.
Langileok gure aletxoa jartzen hasiak gara, bada garaia euskaldunok gure osasunaren jabe bihurtzeko.
Aldi berean, euskaldun orori bere eskaera egikaritzeko aurrerapausoak emateko erronka luzatzen diogu, ahozko ohiturez gain espazio ofizialak eta gureganatzeko.
Euskaldunok ez gara bizitzeko baimena eskatzera etorri, eta euskaldunon herria eraikitzeko asmoarekin gaudela ikustekotan gaude.