Mariano Ferrer. (Argazkia: Beñat Parra)
Gaur hasi da Euskaraldia, hamaika egunez Euskal Herriko kaleak euskararekin betetzeko erronka. Donostiako hamaikakoa osatu duten lagunen artean dago Mariano Ferrer kazetaria;
belarriprest gisa eman du izena Euskaraldian, eta aitzaki horrekin, Euskadi Irratian euskara hutsezko lehen elkarrizketa osoa eman du. Aitortu du lotsagatik ez duela askotan publikoan euskaraz hitz egiten: “Bai, egia da, lotsa ematen dit, nire euskara oso traketsa delako. Nerbioso jartzen naiz, eta gaizki hitz egiteak blokeatzen nau”.
Erdal familia batean jaio zen arren, betidanik euskalduna izan nahi zuela aipatu du: “Nire haurtzaroan euskara gutxi entzuten zen, eta ezin nuen izan belarriprest”. Horrela, 1976an euskara ikasten hasi zen: “40 urte igaro dira, eta euskara ikasteari eusten diot. Euskara lantzen saiatzen naiz egunero, nire buruari zor diodala uste dut, eta nolabait, euskarari ere bai”.
Elkarrizketa osoa entzun daiteke
Euskadi Irratiaren webgunean.