Txirain elkartearen 20. urteurrena ospatzeko bazkarian bildutako bazkideak. (Argazkia: Txirain)
Antiguako Txirain elkarteak bi hamarkada bete ditu urrian, auzoko eragile baliotsu bilakatuta. Urteurrena ospatzeko, bazkideek jarduerez beteriko egitaraua osatu dute datozen hamabi hilabeteetarako.
Txiraingo bazkideek garbi dute hogei urte ez direla egunero betetzen, eta Antiguako elkarte ezagunaren urteurrena behar bezala ospatzeko asmorik ez zaie falta. 1998ko urrian abiatutako ibilbideak auzoan leku propioa egitera eraman ditu eta egun, elkarte gastronomiko izateaz gain, Txirain kultura kimuen erakusleiho eta auzoko eragile aktiboa da ere. Erregezaintza kaleko txokoak sarritan jaso ohi ditu erakusketak, bertso saioak edo ipuin lehiaketak, eta auzoko jaietan festarako gune bat gehiago bilakatzen da ere, urtero antolatu ohi dituzten mus eta toka txapelketekin, besteak beste.
Joseba Urzelai bazkideak azaldu du hasieratik garbi zutela elkartea euskara eta euskal kultura sustatzeko tresna gisa erabiliko zutela. Hori zen, hain zuzen, Txirainen sorrera oinarritu zuten bi irizpideetako bat. Bestea generoen arteko berdintasunaren alde egitea zen: «Desorekarik ez egoteko bi bikotekideak maila bereko bazkideak izatea erabaki genuen». Hori dela eta, elkarteak ofizialki 82 bazkide baditu ere, praktikan Txirain 150 pertsona baino gehiagok osatzen dutela zehaztu du Urzelaik.
Elkartearen sorreran, ordea, esfortzu handia egin behar izan zuten proiektua bideragarria bilakatuko zuen jende kopurua lortzeko. Auzoan zehar eskuorriak banatuz, elkartea sortzeko ideia izan zuen guraso taldeak bilera batzuk antolatu zituen Lugaritz kultur etxean, proiektua gainerako bizilagunei aurkezteko: «Hasiera zaila izan zen, baina pixkanaka jendea animatzen joan zen, lokala erosteko gai izan ginen arte».
Ondoren, Txillardegiren eta Josu Tellabideren artxiboak arakatuz, elkartearentzako izen apropos bat bilatzeari ekin zioten: «Auzoko etxe zaharren izenak begiratu genituen, eta zehazki non zegoen ez badakigu ere, Txirain baserriarena izan zen gehien gustatu zitzaiguna». Berpizturiko izen horrek izaera berria du orain Antiguan, eta auzoaren historian lerroak betetzen jarraituko du etorkizunean.
Gaur, urteurrena ospatzeko egitarauari jarraituz eta Euskaraldiaren hasierarekin bat eginez, Euskararen erabilera indartzea izeneko solasaldia egingo dute elkartean, 19:30ean. Eneko Bidegainek, Estitxu Garaik eta Juan Luis Zabalak parte hartuko dute bertan, eta solasaldi osteko mokadua ere ez da faltako.
Abenduaren 1ean, berriz, Txiraingo kideek kantu bazkaria egingo dute elkartean, Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurreneko ospakizunekin bat eginez. Bertan parte hartzera gonbidatu dituzte auzotarrak, eta txartelak salgai jarri dituzte jada, 18 euroan.