(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Donostiako herri galdeketaren parte hartzearekin eta emaitzekin pozik dago Donostia Galdeketa taldea. 21 mila herritarrek beraien iritzia eman izana nabarmendu dute, eta aurrera begira galdeketari esker lorturiko datua garrantzitsua izango dela uste dute.
Ibon Rosales; Donostia Galdeketako presidentea
Egun batzuk pasa dira galdeketatik. Zein da egiten duzuen balorazioa?
Pozik gaude. Balorazioa oso positiboa. Alde batetik, parte hartzea esanguratsua izan delako. 21 mila pertsona mugitzea hiri batean ez da makala. Bestetik, egindako lanak etorkizunean fruituak emango dituela uste dugu. Ez da alferrikako lana izan.
Bestalde, azken astean galdeketa gutxietsi nahi dutenen iritziak irakurri ditugu. Gure Esku Dago-ri eskatu diote autokritika eta hausnarketa bat egiteko emaitzak kaskarrak izan direlako. Emaitza kaskarrak? Horiek ikuspegiaren arabera izango dira. Guretzako ez dira txarrak. Galdeketa honi esker orain datu bat behintzat badugu. Hemendik aurrera baliagarria izango da, mugarri bat.
1.000 boluntario inguruk egin zuten posible igandeko galdeketa. Garrantzitsua da hori?
Beraiek gabe ezinezkoa izango litzateke. Eskulan asko dago, eta boluntarioek ezeren truke lan egin zuten galdeketa egunean. Dirutza bat da horrelako egitasmo bat egitea. Horrekin batera, donostiarrei eskertu nahi diegu jasotako babesa. Horrez gain, herri egitasmoa da egin duguna, eta herriak ordaindu duela. Ekonomikoki laguntza behar dugu gastuari aurre egiteko.
Parte hartzeak zuen aurreikuspenak bete ditu?
Aurreikuspen zehatzik ez genuen. Emaitzak ikusita batzuentzako parte hartzea espero baino txikiagoa izan da. Nire ustez, aldiz, kopurua esanguratsua da. Talde gisara aurreikuspenik ez bagenuen ere, herri handiagoetako galdeketen erreferentziak genituen. Leioakoa eta Getxokoa, esaterako. Mugarria zen horien parte hartzea gainditzea.
Galdeketa babestu ez duten alderdi eta hedabide batzuek parte hartzea baxua izan dela azpimarratu dute.
Erraza izaten da marraren bestaldetik esatea babes txikia izan dugula. Gustatuko litzaidake ikustea beraiek nola antolatzen duten galdeketa ez lotesle bat, eta zer nolako emaitza izaten duten. Erraza da hitz egitea. Ezin dira alderatu igandeko galdeketa ez loteslea eta hauteskunde batzuetakoa. Babestu ez duten alderdiei esango nieke, horren nagusi sentitzen badira gure herrialdean egin dezatela galdeketa bat. Gure nahia galdeketa orokor bat egitea da.
35 bozkaleku jarri ziren Donostian. Zein auzotan jaso ziren boto gehien eta gutxien?
Boto kopuru aldetik Antigua izan da parte hartze handiena izan duen auzoa. Portzentaiei dagokienez, berriz, Añorga da boto gehien izan zituena. Auzotarren %30ek parte hartu zuten. Aiete izan da han bizi diren herritarrak kontuan hartuta gutxien bozkatu dutenak. Auzo zaila da, baina han lanketa ona egin dute.
Bada azpimarratuko zenuketen auzorik, ezusteko gisara?
Amara, Altza eta Bidebieta. Hasiera batean, parte hartze txikiagoa izango zutela aurreikusi genuen, eta pozgarria izan da eman dituzten emaitzak ikustea. Guretzako pozgarriena da auzo guztietara iritsi garela.
Baiezkoak izan dira nagusi, baina baita 264 ezezko. Ariketa demokratiko baten ondorioa da hori?
Erakusten duena da galdeketak aukera ematen zuela baiezkoa eta ezezkoa bozkatzeko. Biak dira zilegi, eta biak jasotzen ditugu. Zentzu horretan ariketa demokratikoa da, zalantzarik gabe. Horrez gain, pena da loteslea ez izatea. Izango balitz baliteke baiezko eta ezezko gehiago jaso izana.
Galdeketaren emaitzak eskuan, orain zer egiteko asmoa duzue?
Donostiako galdeketa esparru zabal batean kokatu behar da. Gure Esku Dago-k duela bi urte hasitako galdeketa zikloaren barruan dago. Une honetan, hausnarketa prozesu batean gaude erabakitzeko hurrengo pausoa zein izango den. Helburua, berriz, argi dugu: galdeketa orokor bat nahi eta behar dugu. Horren aldeko lanean jarraitzeko urratsa da igandekoa.
Donostia mailan beste galdeketa bat egin nahi duten herri mugimenduko taldeak zuekin harremanetan jarri dira?
Bai, dei batzuk jaso ditugu. Galdeketa antolatzen ari ginela zein prozedura landu dugun jakin nahi izan dute. Halere, galdeketa egin gabe genuenez ezin izan diegu askorik esan. Hemendik aurrera horretarako aukera izango dugu. Batetik, topoaren igarobidearen inguruko galdeketa egin nahi dutenek galdetu digute. Satorralaiaren inguruko batzuk etorri dira galdezka. Bestetik, zezenketen inguruko kontsulta egin nahi dutenek deitu digute galdeketaren prozedura ezagutzeko.
Pozik gaude galdeketa egin ahal izan dugulako, eta hori da transmititu nahi duguna. Esperientzia hori baliagarria izango da beste mota bateko galdeketak egiteko.