Inkesta: 'Ahobizi' ala 'Belarriprest'?
Abian da Euskaraldia, eta azken hilabeteetan asko izan dira modu batera edo bestera egun hauetarako prestaketan murgilduta egon diren herritarrak. Jada erabaki dute zein izango den euren rola, eta horietako batzuen iritziak jaso ditugu.
Arantxa Etxeberria / Belarriprest
Euskaraldian belarriprest gisa parte hartuko dut. Nire euskararen erabilera zabaltzen saiatuko naiz, euskararen komunitatearen partaide izan nahi dudalako, eta gure herriarentzat gure hizkuntza zein garrantzitsua den konturatzen naizelako.
Iñigo Etxezarreta / ‘Ahobizi’
Mundua ulertzeko beste modu bat da euskara, baina lagun artean ez ezik, lanean, bileretan eta azokan ere mundua beste modu batean ulertu nahi dut, euskaraz, alegia. Hori lortzeko, uste dut nire ahobizi jarrerak asko lagunduko duela;?horregatik erabaki dut Euskaraldian <em>ahobizi</em> izatea.
Josema Aparicio / Belarriprest
Belarriprest izatea erabaki dut, nire asmoa beti izan delako nire herrian euskaraz hitz egin ahal izatea, lagunekin zein auzotarrekin. Horregatik, Euskaraldiaren hamaika egunetan gustatuko litzaidake besteek niri euskaraz hitz egitea, eta ni euskaraz erantzuten saiatuko naiz.
Oihana Otegi /Ahobizi
Euskaraldiaren oso antzekoa izan zen BAM (Baiona Angelu Miarritze) dinamikan parte hartu nuen, eta oso modu positiboan bizi izan nuen. Ahobizi izateko erronkarekin jarraitzeaz ez nuen zalantzarik eduki Euskaraldiaren berri izan nuenean. Indartsu eta gogotsu nago apostua betetzeko.
Patricia Millan / Belarriprest
Euskara nahiko ondo ulertzen dut, baina badakit oraindik ere akatsak egiten ditudala hitz egiterakoan;?horrek batzuetan presioa sortzen dit. Asko gustatuko litzaidake hori gainditu eta edozein esparrutan euskaraz lasai hitz egin ahal izatea, eta uste dut Euskaraldiak asko lagunduko didala horretan.
Joxepa Bornaetxea / Ahobizi
Euskaraz hitz egiteko joera dudan arren, baditut zenbait harreman, egoera eta giro, gaztelaniara jotzera eramaten nautenak. Ahobizi izanda, erronka nire buruari jarriko diot hamaika egunez. Eta horrez gain, nire ariketak, beste maila batean, ingurukoengan eragiten badu, ba primeran!
Xabier Irastorza/ Ahobizi
Nire lantokian ez da euskara asko entzuten, eta inguruko jendearen ohiturak aldatzea gustatuko litzaidake. Horregatik, ahobizi izatea erabaki dut, Euskaraldiaren egunetan euskaraz gehiago egiten saiatu eta ingurukoengan eragiteko.
Maria Fernandez de Arroyabe / Belarria
Nik Euskaraldian belarriprest izatea erabaki dut oso rol erosoa iruditzen zaidalako euskeraz hitz egiteko ohitura ez dugunontzat. Honela, eguneroko praktikak euskaraz egin ahal izango ditut inolako presiorik gabe, gozatuz soilik.
Imanol Arluziaga/ Ahobizi
Ahobizi gisa parte hartzea erabaki dut euskara nire hizkuntza delako, eta maite dudalako. Ahal dudan heinean, nire inguruan zabaltzea nahi dut, eta horretarako nire esku dagoena egin nahi dut Euskaraldian.
Mark Hughes / Belarriprest
Nire emaztea, nire bi umeak eta bere familia osoa euskaldunak dira. Horregatik euskarari bultzada txiki bat eman nahi diot. Euskara jakitea pribilegio bat da eta denon artean babestu behar dugula uste dut; horregatik, belarriprest izango naiz.
- Zer izango zara Euskaraldian, ‘ahobizi’ ala ‘belarriprest’?









