«Agian zuzenean Europako alderdiei bozkatuko bagenie, jendeak gehiago parte hartuko luke»
Katerina Yiannibas Greziako sendi batean jaio zen, Kanadan, eta AEBetan hazi zen. Azken hamar urteetan Donostia izan du bizitoki, eta gehienbat giza eskubideen esparruan lan egin du.
Zergatik aukeratu duzu Groseko Bodega Donostiarra?
Oso gertu bizi naiz, eta askotan etortzen naiz. Lehen aldiz ezagutu nuenean, 2007an, itxura desberdina zuen, baina beti mantendu du bere identitatea eta gertutasuna. Kalitate-prezio erlazioa oso ona da, eta edozein momentutan eskatu dezakezu tortilla edo ogitarteko txiki goxo bat. Nire familia edo lagunak bisitan etortzen direnean beti erakusten diet leku hau. Niretzat beti izan da harrera gune bat. Nire etxea eta kultura kanpoan daude, eta etxean bezala sentitzeko horrelako leku bat izatea oso garrantzitsua da.
Abokatua, Nazioarteko zuzenbide irakaslea eta ikertzailea zara. Zein proiektu dituzu esku artean?
Hamarkada bat daramat Donostian lanean, eta gehienbat nazioarteko eskubideen arloan egin dut lan. Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuko Europako Elkarrizketak egitasmoaren zuzendaria naiz. Europako errealitatea Donostiara ekartzeko helburuarekin sortu genuen proiektu hau. Momentu honetan saiatzen ari gara gazteak animatzen Europako hauteskundeetan botoa ematera, lehiaketa baten bidez. Gutxien ordezkatutako taldea dira, eta uste dugu badela garaia jokoan dagoenaz konturatzeko.
Zergatik?
Populismoa eta nazionalismoaren gorakada nabarmena da. Orain egiten diren politikek garrantzia handia izango dute euren bizitzetan, euren etorkizunean. Joera daukagu pentsatzeko gertuen dauzkagun gauzetan, bai denboran eta bai espazioan. Eta normala da, baina norbait arduratu behar da tokitik harago gertatzen ari denaz.
Onerako eta txarrerako, interkonektatuta dagoen mundu batean bizi gara, eta gure akzioek ondorioak dituzte mundu eskala batean;?alderantziz ere bai, jakina. Honetaz guztiaz kontziente izan behar dugu. Gobernantza bat tokitik harago doa. Nazioarteko eskubidean maximoa da: pentsatu globalki, eta ekin tokian.
Europarako, Espainiarako eta Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak egun berean egin nahi dituzte. Zer iruditzen zaizu?
Uste dut hauteskunde egun zehatz bat izatea garrantzitsua dela, eta ez dela politizatu behar hauteskunde eguna ezartzearen kontua. AEBetan horrela egiten dugu. Ezarrita dago, beti dira azaroan, eta mundu guztiak daki noiz diren. Hiritarrek jakin behar dute noiz eman behar duten botoa, eta horrek lagundu dezake parte hartzean. Erraztu behar zaie prozesua.
Halere, Europako hauteskundeen inguruan badut kezka bat. Jende askok bere betiko alderdia bozkatuko du Europako hauteskundeetan. Baina askok ez dakite zein aliantzatan izango den bere alderdia, hau da, ez daki nola ordezkatuko den bere botoa Europan. Filtro nazional batekin begiratzen diogu Europari, eta horregatik duplikatu egiten dugu gure betiko botoa. Hor badago hutsune bat tokiko eta Europako politikaren artean. Horri heldu behar diogu, gobernantza eskala desberdinen garrantziaz jabetu.
Abstentzio handia dute Europako hauteskundeek. Zergatik?
Azken hauteskundeetan %40ko parte hartzea izan zen, eta argi dago ez dela seinale ona. Jendeak ez daki Europak nolako eragina duen euren bizitzetan. Falta da informazio errazagoa, konplexutasunik gabea. Ez baduzu ulertzen probableena da ez parte hartzea, beraz hori muga bat da. Agian zuzenean Europako alderdiei bozkatuko bagenie, jendeak gehiago parte hartuko luke.
Herritarrek zergatik ez dituzte gertuko sentitzen Europako instituzioak?
Nire ustez, abantaila izugarriak ditu Europakoa izateak. Europako Batasuneko estatu batekoak garenontzat, eta han eta hemen lanean ari garenontzat, esaterako. Greziako hiritar gisa kezkak ere baditut: Euroa eta merkatu bakarra, adibidez. Errealitatea konplexua da. Ezin da esan Europa ona edo txarra den. Uste dut posible dela arazo globalak lantzea eta erronka hauei aurre egiteko elkarrizketak sortzea denon artean. Erakundeak aldatzeko lan egin dezakegu, hauek gizartearen beharrak asetu ditzaten. Erronka honetan nabil buru-belarri lanean.
Europak erronka bat izaten jarraitzen du?
Esperimentu politiko ikaragarria da. Bere indarra erakusten du ekonomikoki, baina beste esparruetan ere erakutsi behar du. Sekulako lorpena da, baina oraindik eraikitzen ari gara. Momentu honetan Europako etorkizuna eztabaidatzen ari dira, eta alarmak pizten dira ez daukalako auretik zehaztutako bide bat, baina honek irekitzen die herritarrei ere bide bat. Europa ere herritarrena da, ez soilik erakundeena. Zatiketa hazten ari da, eta joera batzuk muturrera joaten ari dira. Denok erabaki behar dugu nolako Europa nahi dugun, zein izango den zentroa. Horregatik da horren garrantzitsua herritarron parte hartzea. Nik pentsatu nahi dut giza eskubideetan oinarritutako batasun bat izango dela.
Nazioarteko gatazketan aditua zara. Zein da gehien interesatzen zaizun gaia?
Aldaketaren katalizatzaileak izan daitezke gatazkak, eta hazteko aukerak sor daitezke. Oso interesgarria da hauek behatzea, aztertzea zer egin daitekeen tentsio momentu horien ondoren. Aldaketa diseinatzea da gehien interesatzen zaidana.
Zein iritzi duzu Euskal Herrian egin diren galdeketen inguruan?
Ikerketak egin ditut erreferendumen inguruan, eta Greziakoa eta Brexita ere gertutik jarraitu ditut. Uste dut tentuz ibili behar dugula. Demokrazia tresna bat da, ez da helmuga. Tresna hauek garrantzitsuak dira galderak egitea demokratizatu ahal izateko. Garrantzitsuak dira, baina soilik erabiltzeagatik ez dugu bermatzen tresna hauek duten indarra aprobetxatzen ari garenik. Eta parte hartzea baxua bada, beharbada beste metodo batzuk aztertu behar dira. Zein galdera egiten den, nola jasotzen diren erantzunak… hori guztia kontuan hartu behar da.
Greziako sendi batean jaio zinen, Kanadan, eta AEBetan hazi zinen. Eta azken hamar urteak Donostian eman dituzu. Honek guztiak nola eragin du zugan?
Guztiz eman dio forma mundua ikusteko dudan moduari. Herrialde askotan bizitzeko eta lan egiteko aukera izan dut, eta hau guztia heziketa izugarria izan da niretzat. Mundua modu global batean ulertzen saiatzen naiz. Profesional gisa, hiritar gisa eta gizaki gisa laguntzen dit. Izugarrizko errespetua dut, gizateria inporta zaidalako.
Ez dut uste kasualitatea izan denik zuzenbidea ikastea eta giza eskubideen bidetik egitea. Uste dut denok batzen gaituen kausa bat dagoela. Denok ospatu ditzakegu gure identitateak, hizkuntzak, gure familiak… baina ezinbestekoa da ulertzea gizakiz osatutako mundu batean bizi garela, eta gu indibiduo gisa garena baino zerbait handiagoa dagoela.
HAMABIETAN BERMUTA. Arrain pastela eta cava.
Non. Bodega Donostiarra (Peña y Goñi, 13 Gros).
Prezioa. 4,95 euro.
HAMABIETAN BERMUTA. Arrain pastela eta cava.
Non. Bodega Donostiarra (Peña y Goñi, 13 Gros).
Prezioa. 4,95 euro.



