"Ez dut oztopo bat izan nahi"
Ibilibide luzeko kazetaria da Mariano Ferrer (Donostia, 1939). Erdaraz bizi eta lan egin izan badu ere, konpromiso handia azaldu du beti euskararen alde. Herri Irratiko langilea izan zen 1971 eta 2004 bitartean, eta baita Egin egunkariko lehen zuzendaria ere. Euskaraldian, Donostiako hamaikakoaren parte izango da, belarriprest gisa.
Zergatik hartuko duzu parte Euskaraldian?
Parte hartzera gonbidatu nindutenean ideia bikaina iruditu zitzaidalako euskararen erabilera sustatzeko. Gainera, nire kasuan, euskara menperatu nahian denbora asko daramadanez, eta euskaraz hitz egiterakoan arintasuna ez edukitzeagatik beste batzuk gaztelaniara pasatzera behartzen ditudala ikusten dudanez, hori konpontzeko aukera da Euskaraldia.
Zer funtzio beteko duzue ‘belarriprestek’?
Oso argia da: hemen nago, ez naiz elkarrizketa bat euskaraz hasteko gai, lotsagatik, edo dena delakoagatik. Baina nirekin euskaraz hitz egitera animatzen bazara, erantzungo dizut edo esfortzu hori egingo dut behintzat. Niri lagunduko dit, eta kalean euskara gehiago entzungo da. Batzuetan, besteek euskaraz hitz egiteko oztopo izan naiz. Euskaraldiaren bitartez, ordea, egoera hori orekatuko dut.
Oraindik badago besteentzat oztopo den jendea?
Errealitate bat da. Herrialde honetan sei pertsona elkartzen dira eta, esaterako, bost euskaldunak dira eta bat erdalduna. Noizbehinka elebidunez hitz egingo duten arren, azkenean gaztelaniaz hitz egiten bukatuko dute. Hori ez da Katalunian gertatzen, han katalana zabalduagoa dagoelako, eta ez dakienak ere elkarrizketa bat jarraitu dezakeelako. Hemen, ordea, euskararen menderatze minimo bat ez duena automatikoki elkarrizketatik kanpo gelditzen da. Euskaldunak, gainera, gaztelaniara trantsizio hori egitera ohituak daude.
Euskara ikasten ari zara?
40 urte daramatzat euskara ikasten, ez dut brometan esaten. Euskara ikasten eman ditudan orduak esateko gai izango banintz, lotsa emango lidake. Ez naiz inoiz euskaltegira joan, denbora faltagatik, baina baita handiusteagatik ere; beste hizkuntza batzuk bezala, euskara ere nire kabuz ikasteko gai nintzela uste nuelako. Baina irakaskuntza egoki bat eduki ez izana akats bat izan da. Izan ere, hemen euskara ikasteko ingurunea baduzu, baina ez duzu beharra. Ameriketako Estatu Batuetan egon nintzenean, beharragatik ikasi nuen ingelesa nire kabuz, hitz egiten ez baduzu ezin zarelako han bizi.
Faltatu zaidana, nahiz eta gaizki hitz egin, hitz egiteko esfortzua egiteko barrera haustea izan da. Lortu dudana, ordea, euskara batua arazorik gabe ulertzea da. Baina politikaz, filosofiaz, erlijioaz, edo horrelako gaiez hitz egiteko zailtasunak ditut eta etsipenez daramat. Hala ere, euskara ikastea gustatzen zait, eta ondo pasatzen dut.
Hizkuntza ohiturak Euskaraldiarekin aldatuko dira?
Hizkuntza ohitura horiek azkar aldatzea zaila da. Izan ere, mortu erdaldun batetik gatoz, luzaroan euskarak ghettoetan funtzionatu baitzuen; ez zegoen gizartean, eskolan ezta administrazioan ere.
Orain badago, baina euskara ulertu eta hitz egiten ez duen biztanleria ehuneko bat dagoen bitartean, euskaraz hitz egiteko oztopo den jendea egongo da. Euskaraldiarekin lortuko da nahi gabe inguruan dituzten pertsonak gaztelaniaz hitz egitera behartzen dituzten pertsona kopurua jaistea. Zentzu horretan aurrerapauso bat egongo dela uste dut.