Merkatariek ere aukeratu dute euren rola Euskaraldirako
Hemen da Euskaraldia eta herritarrak bezala, hiriko merkatariak ere prest daude ariketa sozialerako. Joan den hilabeteetan Euskaraldiaren antolatzaileak banan banan joan dira saltoki eta tabernetara, Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu eta txapak banatzera. Hortaz, merkatariek jada aukeratu dute zein izango den haien rola. Haietako batzuekin hitz egin dugu eta erantzunak bildu ditugu inkesta batean.
Iñaki Fernandez / Bizipoza bizikleta denda
Euskaraldian belarriprest izango naiz nire bezero askok euskaraz hitz egiten dutelako. Askotan, azalpenak ematerako orduan, gaztelaniaz hobeto moldatzen naiz, baina edozein kasutan, niri euskaraz egin diezadaketela jakinarazi nahi diet.
Oihane Oronoz / Enbata arropa denda
Dendako langileok urte osoa egiten dugu ahobizi gisa. Herritarrek merezi dute jakitea komertzioetan ere euskaraz bizi garela. Nahi gabe saltoki askotan lehen hitza gaztelaniaz egiten duten pertsonen ahalduntze prozesua bultzatzen lagundu dezake.
Elena Cobreros / Drinka taberna
Euskaltegian euskara ikasten ari naiz, nire alabari euskaraz hitz egitea gustatuko litzaidakeelako. Momentuz, ordea, belarriprest naiz, baina txapa eramateak ikasten jarraitzen lagundu dit, bezero asko euskaraz hitz egitera animatu direlako.
Jexux Romero / Apal estudioa
Horrelako proiektuetan parte hartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu euskara bultzatzen laguntzeko. Ni ahobizi izango naiz, egitasmo ona izateaz gain, Euskaraldian parte hartzeak inolako lan gehigarririk suposatzen ez duelako. Ez da ezer kostatzen.
Soraya Rodriguez / Sora janari denda
Ni ahobizi izango naiz, euskaraz dakiten bezeroek nirekin beraien hizkuntzan hitz egitera animatu daitezen. Saltoki txikietan euskararen erabilera indartzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait, denda erraldoiek ez bezala, guk gertuko tratua eskaintzen dugulako. Hizkuntzarekin eroso sentitzea ezinbestekoa da horretarako.
Iñaki Apaolaza / Reloj Berri taberna
Ahobizi izango naiz euskara nire hizkuntza delako eta bere erabilera sustatzen lagundu nahi dudalako. Hizkuntza indartzeko ahaleginean euskal hiztun guztiok gure aletxoa jarri behar dugula iruditzen zait, eta horregatik hartuko dut parte Euskaraldian.
- Zer izango zara Euskaraldian, ‘ahobizi’ ala ‘belarriprest’?





