Kuartelik ez dela behar aldarrikatu dute
Loiolako kuartela kendu eta gastu militarra murrizteko eskatu dute. Elkarretaratzea egin zuten atzo Loiolako kuartelen kanpoaldean, eta nabarmendu zuten gizartearen beharretara bideratu behar direla aurrekontuak: “Ez du militarren egituren beharrik giza eskubideetan sakontzen jarraitu nahi duen jendarte batek. Giza eskubideetan sakontzeak zera esan nahi du, besteak beste: harreman ekonomikoak eta nazioarteko harremanak desmilitarizatzea, gatazken konponbidea bilatzea eta ongizatea lortzea indarkeria-ezak eskaintzen dituen baliabideen bidez. Gastu militarrak ongizate-politiken hedapena oztopatzen du”, adierazi dute Bake Ekintza antimilitarista taldeko kideek.
Gastu militarra errotik murrizteko garaia dela uste dute: “Ia hutsik dagoen Loiolako kuartela eta inguruko beste azpiegitura militarrei eustea diru-publikoen xahutze larria da. Arrazoi berdinetan oinarrituta, gastu militarra handituko lukeen kuartel berri baten eraikuntza ez dugu inondik inora onartuko”.
Ohartarazi dute Espainiaren 2018ko aurrekontuetan gastu militarra %1,3 handitu dela, eta Defentsa Ministerioaren kasuan, igoera %10,5koa izan dela. Osasunean, hezkuntzan eta kulturan, aldiz, %3,9; %3 eta % 4,6 hurrenez hurren. “Gainera, datu hauek ez dituzte gastu guztiak islatzen, hainbat atal ez baitira hor jasotzen. Esaterako, mugaz gaindiko esku-hartze militarrak, armagintza arloko enpresei ikerketetan ematen dizkieten maileguak eta CNIren aurrekontua”, gaineratu dute. Bakearen Aldeko Delas Zentroak egin duen ikerketa baten arabera, gastu militarren osoko gastuaren kopurua 19.926,35 milioi eurokoa litzateke; 54,6 milioi eguneko, alegia.
Loiolako kuartela kendu eta eraikin militarrak desagertzeko eskatu dute. Argi utzi dute ez dutela beste kuartel bat egitea nahi: “Loiolako kuartela eraitsi ahal izateko ez da beste bat eraiki behar. Balio sozialik gabeko inbertsioa litzateke. Horretaz gain, Andonegi, Zubietan eta bestelako tokitan eragingo lituzkeen ondorioak ez lirateke onuragarriak izango. Arrazoi berdinak ditugu Lezon eta Loretokin dauden eremu militarren jabetza udalen eskura igaro ditzatela eskatzeko”.
Eneko Goia Donostiako alkatea eta Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroa asteartean bilduko dira. Bake-ekintza Antimilitarista taldearen ustez, Espainiako Gobernuak lur hauek etxebizitza eta gizarte ekipamenduetara bideratu ahal izateko erabaki ausart bat hartu beharra dauka, “Loiola utzi nahi ez duten militarren betoa gaindituz eta kuartel berria eta gastu militarra handitzeko eskatzen dutenei men ez eginez”.