Polizia etxeetako eta epaitegietako langileen agerraldia, ELAren egoitzan. (Argazkia: ELA sindikatua)
Gipuzkoako polizia etxeetako eta epaitegietako garbitzaileek bi hilabete baino gehiago daramatzate greban. Joan den irailaren 19an greba hasi zuten garbitzaileek, ELA, ESK, LAB eta UGT sindikatuen babespean, pairatzen duten soldata arrakala ezabatzeko asmoz. Gaur goizean agerraldia egin dute garbitzaileek eta sindikatuetako ordezkariek, eta salatu dute Segurtasun Saila eta Justizia Saila ez direla oraindik haiekin bildu.
Era berean, Garbialdi enpresa esleipendunaren jarrera kritikatu dute, izan ere, greba hasi zenetik hilabete igaro zen berriro negoziazio mahaian eseri zen arte. Gainera, bileran, erosahalmena mantentzea bermatzen ez duten proposamenak aurkeztu zituztela salatu dute. Enpresak gatazkaren konponbidea bilatu beharrean, kolektiboaren greba eskubidea sistematiko urratzen ari dela adierazi zuten, instalazioak garbituz.
Konponbidea lortzeko asmoz eta egoeraren aurrean administrazioak ezer egin ez duela salatzeko, langileak Arartekoko arduradunekin bildu direla azaldu dute. Era berean, Emakunderekin bilera baterako hitzordua eskatu dute.
Ezkor agertu dira eta epe laburreko konponbiderik espero ez dutela aitortu dute. Horregatik,
langileek mobilizazio berriak egingo dituztela iragarri dute, egunero euren lantokietan egiten dituzten elkarretaratzeei “bultzada berri bat” emateko.
Hona hemen deialdi berriak:
- Bihar, hilak 28, Andia kaleko eraikinaren aurrean elkarretaratzea egingo dute Gipuzkoako kale garbikuntzako langileekin batera.
- Abenduaren 3an, oinezko martxa egingo dute Oiartzungo Ertzaintzaren egoitzatik Atotxako Justizia jauregiraino.
- Abenduaren 4an, oinezko martxa egingo dute Eibarko epaitegitik Bergarako epaitegiraino.
- Abenduaren 10ean, Eusko Legebiltzarrean elkarretaratzea egingo dute, eta talde parlamentariei bideratutako idazki bat erregistratuko dute, Gobernuari soldata arrakalarekin amaitzeko konponbidea eska diezaioten.