San Bartolome kalea.
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du San Bartolomeri eragiten dion ordenantza aldatzea. Horrela, eremu betea izateari utziko diote San Bartolomeko kaleak eta ingurukoek. Establezimendu publikoak eta aisialdi jarduerak non kokatu arautzeko udal ordenantza da aldatuko dena.
2004an izendatu zuen udalak San Bartolome gune bete gisara. Taberna kopuru handiegia zegoen. Gaur egun, ordea, San Bartolome kaleko 30 lokal hutsik daudela azpimarratu du Juanra Viles bigarren alkateorde eta jarduneko alkateak. Gunea berpizteko helburuarekin aldatuko dute ordenantza.
Behin aldaketa onartuta, hiriko eremu beteak ondorengoak dira: Parte Zaharra, Ekialdeko Zabalgunea, kaia, Mari kalea, Ijentea kalea, Bulebarra (bakoitiak), Erregina Erregeordearen kalea, Salamanca pasealekua eta Urgull. Era berean, hiriko gune hauek ere eremu beteak dira: Errege-Erregina Katolikoen kalea eta ondokoak, Sanchez Toca, Hondarribia, Prim, Moraza eta Urbieta kalea arte.