Hiriko zuhaitzen mozketa "masiboa" salatu du Haritzaldek
Aurtengoa ordea, aspaldi ez bezala, alarma guztiak piztu ditu gizartean eta kexak etengabe iristen dira gure Elkartera. Nonahi botatzen ari dira zuhaitzak eta maiz dozenaka. Ehunka arbol ebakitzen ari dira hiri osoan zehar eta azalpenak eskasak bezain pobreak dira jasu gehienetan. Azken urteotan eraikinetan burutu diren obra askotan, zaharberritze lanetan edo esaterako tamalez hain modan dauden hotel berrien irekierarako, parean zeuden zuhaitzak moztu dira, gupidarik gabe, lotsarik gabe. Lehen babestu egiten ziren eta mantentzen saiatzen zen. Orain ez, zuzenean moztu egiten dira Udalaren baimanarekin. Bestalde, duela hilabete batzuk Udaletxetik bertatik iritsi zitzaigun Pio XII plazan hainbat zuhaitz moztu behar zutelako surrumurrua. Antza denez, zinegotzi baten laguna zen norbait kexu omen zen erosi berria zuen etxe aurrean ezki handiak zituelako eta argia kendu ez ezik bistak ere oztopatu egiten omen zituzten. Zoritxarrez ez genion jaramonik egin, sinesgaitza gertatzen baitzitzaigun, nahiz eta gehiagotan halakoak gertatu, esaterako 2000. urtearen inguruan Mendeurren plazan zedro batekin jazotakoa, non udal teknikariak beraiek arduradun politikoaren erabakiaren kontra baitzeuden. Handik aste gutxira, ordea, iragarritakoa bete zen, bi faseetan. Lehenik zuhaitz txikiak eta gerora handiak, argazkietan ikus daitekeenez (Argazkiak 1, 2 eta 3). Onena Udalatik jasotako zioa: zuhaitzen arteko aldea ez zela simetrikoa!! Hasieran esan bezala, edozein aitzakia asmatzen dute, benetako arrazoia zein den jakiterik ez egonik. Zuhaitzen arteko distantzia dela, lerro zuzena ez dutela osatzen, estetika eta oreka kontuak, sustraiak direla, adarrak direla…
Guztietatik erabiliena, gaixorik daudela eta erortzeko arriskua dutela esatea izan ohi da. Gerora aldiz, gezurra zela baieztatu ahal izan dugu maiz. Onartzen dugu zuhaitz batzuk egoera arriskutsuan egon daitezkeela, baina erabiltzen duten badaezpada hori George Bushen hitzak gogora ekartzen dizkigu: “basoko suteak ekiditeko modurik seguroena zuhaitz guztiak moztea da”. Just in case, badaezpada ere moztuko ditugu. Beste gai batzuetan, trafikoa edo trenbide gaineko pasabideetan esaterako horrela jokatuz gero, dena itxiz eta debekatuz ibili beharko genuke. Gainera, kontuan hartu behar da askotan zuhaitz batzuk kentzen direnean, horien babesean dauden zuhaitzek haizearen zuzeneko ufadak pairatu beharko dituztela eta askotan arriskua ekidin ordez areagotu egiten dela. Bada segurtasun aitzakia horrekin Foru eta Bizkaia pasealekuko zuhaitz pila bat bota behar dituztelako berria iritsi zaigu. Beldur gara gerta liteken sarraskiaz.
Gure ustez hemen azaldutakoa aurreikuspen falta eta kudeaketa eskasaren ondorio zuzena da. Formazio egokirik ez duten agintari politikoetatik hasita, planifikazio okerra egiten da maiz geroko kudeaketari begiratu gabe. Batzuetan zuhaitzak ez dira zaintzen behar bezala eta gehiegitan, interes ezberdinen menpe akabera etortzen da. Orain Donostia osoan ematen ari diren zuhaitz mozketak, Urbieta kalekoa kasu, neurrigabeak iruditzen zaizkigu eta edozein justifikaziotik urruti. Hala eta guztiz ere Hiri Mantenimendu Saileko Zinegotziari azalpen publikoak ematea eskatzen diogu. Horrela ez goaz inora. Txalotzen ditugu Klima Aldaketaren aurka Donostiak egiten dituen guztiak eta, positiboan, beti kolaboratzeko prest azaldu gara, baina udal politikan gauza asko aldatu behar direla iruditzen zaigu. Eta klima aldaketaren aurkako estrategia ezin daiteke etorri bat hirian ematen ari den zuhaitz mozketa eta galera handiarekin, inola ere ez. Zuhaitzak behar ditugu, nahi ditugu. Aitzakia gehiagorik ez. Zuhaitz mozketak gelditu!!
Haritzalde naturzaleen elkartea