Mikel Laboari eskainitako horma irudia Antiguan dago. (Argazkia: Joseba Parron)
Larunbat honetan, abenduak 1, hamar urte beteko dira Mikel Laboa sortzaile donostiarra zendu zenetik. Egun horretan Antiguako plaza bati bere izena jarriko diote. Orain arte, Gorgatxo plaza izan denak Mikel Laboa deitura hartuko du. Antiguako elkarte hainbatek inaugurazio ekitaldia antolatu dute Donostiako Udalarekin batera.
Parte Zaharrean jaio, munduko txoko desberdinetan ibili, eta Aieten izan zuen bizitokia. Ordea, eguneroko bizitza Antiguan egin zuen. Ezaguna da auzoan, bertakoa dela uste izateraino. Hiru auzotan utzi zuen arrastoa. Hiru dira ere bere kantagintzan jorratu zituen adarrak: tradizionala, olerkigileena eta esperimentala.
IRUTXULOKO HITZAk Parte Zaharrean, Antiguan eta Aieten Laboak egindako bizitzaren lagin bat jaso du. Aldi berean, sortzaile donostiarraren ekarpen kulturalari begira jarri da idazle baten eta bi musikariren laguntzarekin.
Ostiraleko astekarian erreportaje mardula irakurri ahal izango da.