Jose Mari Soroa, bere gitarrarekin. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Jose Maria Soroari (Antigua, 1933) emango dio Gipuzkoako Jaurlaritzak 2018ko Gipuzkoako Boluntariotza saria, hilondoko titulu moduan. Aurten zendu da Soroa, 85 urterekin, eta Eva edari enpresaren zuzendaritza utzi zuenean hasi zen Nagusilanen boluntario izaten. Bere bizitzako azken urteetan gitarrarekin Gipuzkoako zahar etxe eta egoitzak bisitatu zituen, betiko kantak abestuz eta txisteak kontatuz.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak sarituaren berri eman duenean, nabarmendu du gitarra alboan zuela eta umore ona lagun, “bizikidetza, enpatia eta hurbiltasuna” bezalako balioak sustatzen zituela Soroak, Gipuzkoa “lurralde solidarioagoa” egiten lagunduz.
Igeldon bizi zen antiguatarrak 1.351 musika emanaldi egin zituen 2004. urtetik, baina emanaldien prestaketan 5.500 ordu inguru eman zituela estimatu dute. Epaimahaiak esandakoaren arabera, helburu jakin batekin joaten zen Soroa egoitza horietara: “bertako pertsonek bizi duten bakardade egoerak hausteko. ‘Ruiseñor’ deitzen zion gitarra alboan zuela eta hain karismatikoa egiten zuten jarrera eta umore ona beti presente izanik, makina bat adin nagusi akonpainatu, entretenitu eta alaitzen zuen, euskaraz, gaztelaniaz eta errusiarrez kantatuz, baita txisteak kontatuz ere”.
Gipuzkoako Boluntariotza Saria duela 24 urte sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko hirugarren sektorea osatzen duten pertsona eta erakundeen ardura eta ekarpena aitortzeko. Aurtengo sari banaketa datorren asteartean, abenduaren 4an, banatuko da, 18:00etan. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak emango dio saria Soroaren familiari foru jauregiko Jargi aretoan.