Ontziraleku izana, pasealeku egina
Auzoak sekulako aldaketa jasan zuen 1970eko hamarkadan, saihesbidearen obrekin. (Argazkia: Altzako Historia Mintegia) Estreinatu berri dute Herrera eta Trintxerpe arteko pasabidea, oinezkoentzako eta bizikletentzako baliagarria dena; aldaketa nabarmena izan du inguru horrek azken mendeetan, eta historia markatu duten hiru garai bereiz daitezke.

Auzoak sekulako aldaketa jasan zuen 1970eko hamarkadan, saihesbidearen obrekin. (Argazkia: Altzako Historia Mintegia)
Herrera eta Trintxerpe arteko bidea ireki zuten joan den astean. Oinezkoentzako eta txirrindularientzako igarobidea da, eta inaugurazioan protestak egon ziren. Batetik, Agintariei zementu hautsa bota zien herritar batek, «Nahikoa da», «Portua zikina» eta «Hau da guk egunero jasan behar duguna» oihukatzen zuen bitartean. Bestetik, Badian Bizi plataformako kideek pankarta bat zabaldu zuten: Nahikoa da, ez jolastu gure osasuna eta bizi kalitatearekin.
Oinezkoentzako 340 metroko pasealekua atondu dute, lau metroko zabalerarekin; 110 metro igarobide, eta beste horrenbeste bidegorri, 260 metroko zabalerakoa. Herrerako trenbiderako sarrerak erraztu dituzte, eta oinezkoen trafikoa eta kamioi eta autoena bereizi dituzte. Horrez gain, zabalgune bat, plazak, lorategi-guneak, zuhaitzak eta hiriko altzariak jarri dituzte, herritarren erabilerarako. Lanek bigarren fase bat izango dute.
Herrerako inguru horren aldaketa handia izan da azken mendeetan, eta errepasoa egin dugu Altzako Historia Mintegiko Iñigo Landaren eskutik. Atzera eginez, oroitu daiteke Herrerak ontziralekua zuen garaia, Gaiztarro parean (egungo Zumardi tabernaren aurrean). Horrela bada, XV. mendetik XIX. mendera arte, San Luis plaza arteko inguru guztia urpean zegoen.
Bigarren garai gisa oroitu daiteke ingurua lehortu zutenekoa. XIX. mendean izan zen, industrializazioa iristearekin batera. Egurrarekin lan egiten zuten enpresa pare bat zeuden, eta han kokatu zituzten: Herederos de Ramon Mugica eta Compañia de maderas. Francisco Urkola arkitektoak diseinatu zuen, 1913an.
Hirugarren mugarri garrantzitsu gisa jotzen du Landak saihesbidea eraiki zuten garaia, 1972an: «Herrerarentzat txikizioa izan zen. Bota zituzten eliza, plaza…». Testuinguru hartan, 1969an, Andoni Kortajarenak hiriko bizimoduaren inguruko bertso sorta bat idatzi zuen, eta batean errepidearen kontua aipatzen du: «Bide berria ondo datorkio, Donosti ederrari; lasaitasuna emateko, dirua dun jendeari; ta orretarako etxeak bota, Errera’n bizi diranari…».
Aspaldiko eskaria
Osteguna auzo elkarteko kidea da Elena Arrieta, eta inguru hori hobetzeko gogor lan egin du: «Herrerako pasabide horren gertuko historia penagarria da, degradazio historia bat. Errudunak erakundeak dira: Portuko Agintaritza, aldundia, eta guri dagokigunez, Donostiako Udala». Arrietaren hitzetan, Gipuzkoako eta Donostiako «zoko-zikina» izan da inguru hori: «Denetik sufritu dugu eta azkenean bide hori zabaltzeagatik ez dugu ahaztuko sufritutakoa, egin gabe dagoena eta ez dutena egingo». Kexu da, gainera, inaugurazio egunean bizilagunek pasatzeko itxaron behar izan zutelako, politikariek bukatu arte.


